Garbiñe Petriati Ijurra
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria

Ertzaintza: Nola bizi euskaraz hizkuntza ez dakitenak kontratatzen badira??

Mi nivel de euskera es muy básico y voy a hablar en castellano”, “mejor en erdera”, “no te entiendo, háblame en castellano”, “estoy yo solo y no sé euskera”, “si quieres declarar en euskera vienes a la tarde o te vas a Azkoitia” izan dira herritarrek ertzain-etxeetako agenteengandik jaso dituzten erantzunak.

Ertzaintzaren oinarrizko eskalan 120 agente lanpostu betetzeko deialdia zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak apirilean. Lan eskaintza publikoaren bidez polizia bihurtuko direnen erdiek soilik jakin beharko dute euskara. Denei ezarri die 1. hizkuntza eskakizuna, baina 60ri baino ez zaie egiaztatze- data zehaztu; hau da, erdiek ez dute euskara maila egiaztatu beharko.

Orokorrean eta salbuespenak salbuespen, Ertzaintzak ez ditu herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzen. Are gehiago, Ertzaintzak bere eguneroko jardunean euskal hiztunon hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzen ditu. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urtero argitaratzen dituen txostenak irakurtzea besterik ez dago hori horrela dela ikusteko: Ertzaintza erakunderik urratzaileenen artean agertzen da urtero.

 Herritarrei ez zaie hizkuntza hautua errespetatzen, eta agenteek gaztelaniaz egitera behartzen dituzte:

Mi nivel de euskera es muy básico y voy a hablar en castellano” (“Nire euskara maila oso oinarrizkoa da eta gaztelaniaz hitz egingo dut”), “mejor en erdera” (“erdaraz hobe”), “no te entiendo, háblame en castellano” (“ez dizut ulertzen, gaztelaniaz hitz egin” “estoy yo solo y no sé euskera” (“bakarrik nago eta ez dakit euskara”), “si quieres declarar en euskera vienes a la tarde o te vas a Azkoitia” (“euskaraz deklaratu nahi baduzu, arratsaldean etorri edo Azkoitira joan”) izan dira herritarrek ertzain-etxeetako agenteengandik jaso dituzten erantzunak.

Ertzaintza 1982an sortu zen eta 1998an, 16 urte beranduago, abiatu zen euskara normalizatzeko lehen Euskara Plana. Hain justu Ertzaintzaren hedapen prozesuan promoziorik jendetsuenak izan diren urteak. Normalizazio plangintzarik gabe pasa zen urte bakoitzeko ehunka lagun sartu ziren Ertzaintzan inolako euskara gaitasunik egiaztatu beharrik gabe. Zehazki, urte horietan guztietan (1982-1998) kontratatu ziren 7.432 ertzainei (15. promoziora arte) ez zitzaien euskaraz jakitea eskatu eta lan deialdietan euskara meritu gisa baloratzera mugatu ziren.

Hamar urterako plangintzaldia (1998-2008) 30/1998 Dekretuarekin jarri zen abian, bost urteko bi alditan banatua. Plangintza diseinatzerakoan ezarritako derrigortasun-datak ez ziren bete bigarren aldian (1.630etik soilik 964).

Plangintzan Ertzaintzarako bereziki sortutako bi hizkuntza-eskakizun ezartzea erabaki zen: lehen hizkuntza-eskakizuna Administrazio Orokorreko 2. hizkuntza-eskakizunaren parekoa izango zela definitu zen eta 2. hizkuntza-eskakizuna aurrerago definitzeko utzi zen.Baina plangintzaldiak iraun zuen tarte guztian ez zen Ertzaintzaren 2. hizkuntza-eskakizuna abian jarri eta ondorioz ertzain bakar bati ere ez zitzaion gutxieneko maila hori egiaztatzea eskatu bere lanpostua eskuratu behar izan duenean. Plangintzan ezarritako 1. Hizkuntza-eskakizuna ere oso ertzain gutxiri eskatu zaie azkenean eta prozesua ez da hasieran ezarritako helburu mugatuak betetzera iritsi

Honela, hamar urteko plangintzaldiaren ondoren, 8.000 lanpostutik 5.816 izan dira euskaraz aritzeko gutxiengo gaitasunik egiaztatu ez dutenak (%72,7) eta 2.184 ertzain besterik ez dira dagokien 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu dutenak, ertzain guztien laurdena baino zerbait gehiago (%27,3).

Kontuan hartu behar dugu, gainera, errealitatea are kezkagarriagoa dela. Izan ere, Ertzaintzaren 1. hizkuntza -eskakizun honek ez du euskaraz aritzeko gutxieneko gaitasunik bermatzen.

Eskakizun batzuk ez dute euskararen gaitasun maila bermatzen

Hau ez da guk bakarrik esaten dugun zerbait. 2014ko martxoan ezagutzera emandako laugarren euskara planaren ebaluazioaren ondorioetan, honakoa adierazi zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Josune Ariztondok, 2014ko martxoan: “Eskakizun batzuek ez dute euskararen gaitasun maila nahikorik bermatzen eguneroko zereginei aurre egiteko; ez eta norberaren eta ingurukoen artean harremanak hizkuntza horretan izateko ere. Lehen eskakizunarekin hori “nabarmena” dela azaldu dute, eta bigarrenean ere bai “zereginen arabera”.

Emaitza eskas horiek eman dituen Ertzaintzako lehen Euskara Plana 2008 urtean amaitu zen eta lau urteren ondoren, 2012an, sartu zen indarrean 2017ko abenduaren 31n amaituko den bigarren plangintza-denboraldia. Ertzain izateko 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzearekin nahikoa izango dela pentsatuz zer emango du bigarren plangintzak?

Tamalez, argitaratu berri den lan-deialdiaren ondorioz sartuko diren Ertzain berriak ez dira gai izango euskaldunon eskubideak bermatzeko. Ertzain berri guztiak elebidunak izango direla, eta euskaraz artatzeko gaitasun nahikorik ez dutenak euskaldunduko direla, bermatu behar da. Hori egiten ez den bitartean egoerak bere horretan jarraituko du. Ondorioz, euskaldunen hizkuntza-eskubideak ez dira bermatuko eta ezingo dugu euskaraz bizi.

Izan ere, herritar guztien hizkuntza-eskubideak berma daitezen langile bakarra langile elebiduna da. Herritarrak edozein hizkuntza ofizial aukeratzen duela, zerbitzu egokia emango dion bakarra elebiduna izango da. Ertzain elebakarrak herritar batzuen (erdaldunen) eskubideak besterik ez ditu bermatuko, eta beraz, hizkuntza-eskubideak urratzeko aukerak zabalduko dira.

Bestetik, ez dauka inolako logikarik langile erdaldunak kontratatu eta ondoren denbora eta dirua xahutzea langile horiek euskalduntzen. Hasieratik beharrezkoak diren neurriak hartzea askoz ere eraginkorragoa da. Langile euskaldunak kontratatzea administrazioarentzat merkeagoa da, gaur egun bizi dugun testuinguru ekonomikoan kontuan hartzeko elementua da hori, ezbairik gabe. Langile erdaldunak kontratatzearen iturria itxi egin behar da, epe laburrean. Langile guztiak euskaldunak baldin badira soilik bermatu ahal izango du Ertzaintzak herritarrei zerbitzua euskaraz ematea eta bestalde, langile guztiak euskaldunak direnean lan egin ahal izango du euskaraz Ertzaintzak.

Azken boladan behin eta berriz ari gara entzuten euskara erabili egin behar dela. Euskara erabiltzeko, euskaraz bizitzeko, ezinbestekoa da erabiltzaileek hizkuntza ezagutzea, bai herritarra bai eta langilea ere. Nola biziko gara euskaraz hizkuntza hori ezagutzen ez duten langileak kontratatzen badira?

Buscar