Aritz Soloeta Garmendia | Otxandio

Gangster ustelak

Herritarrek bidegabekerien ondorio latzak beraien larrutan pairatzen dituztenean, beharrezkoa den erresistentzia antolatzen da. Hori indarkeria erabiltzen den protestaldietan isla daiteke, edota maileguei aurre egiteko ordain saririk izan ez eta etxe kaleratzeak bideratzeko herri agintariak agertutakoan, baita gehiegikeria horiek borondatez oztopatzen saiatzen diren herritarretan ere.

Legea, ordena eta jabegoa arriskuan jartzeaz batera, ogibidetzat bereziki herritar etsituen aldarrikapenak isilaraztea daukaten gizon eta emakumeen zerbitzuez baliatu izaten dira goi agintariak. Hala, oraindik ere ohikoa da polizia indarrek sindikatuek antolatutako manifestaldietan langileak jipoitu ondoren, gertakarien irakurketa desitxuratuena egiteko hedabide konglomeratu konkretu batzuez nola baliatzen diren ikustea; ondorioz, botereak egonkortutako hainbat hedabide bozgorailu gisa erabiltzen dituela argi asko nabarmentzen delarik.

Batzuek, antza, ez dituzte Euskal Herriko krisi politikoak orain arte utzitako ondorioak bere osotasunean asimilatu, baina hala gertatutakoan, agintari eta herritarren arteko muga horretatik alderantzizko ibilbide berri bati ekin behar izango diote. Izan ere, heroitzat hartu izan diren polizia kideak gangster ustelak izan daitezkeela suertatu izan da gehiegitan, eta jakina da agintarien ipurtzuloak miazkatu eta beraien gaizkide izaten jarraitzen duten hedabideen laguntzarik gabe inoiz ez zirela heroi bilakatuko.

Buscar