NAIZ.INFO
IRUÑEA

Lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote Leitzan atentatua asmatu zuen guardia zibilari

Iruñeko epaitegi batek lau hilabeteko espetxe zigorra eta 360 euroko isuna ezarri dio Leitzan 2009ko azaroan atentatua jasan zuen itxurak egin zituen guardia zibilari.

Hainbat guardia zibil Leitzako kuartelaren aurrean, 2009ko azaroaren 29an. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Hainbat guardia zibil Leitzako kuartelaren aurrean, 2009ko azaroaren 29an. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Iruñeko 3. Zigor Epaitegiak lau hilabeteko espetxe zigorra eta 360 euroko isuna ezarri dio Salvador Melendez guardia zibilari, desordena publikoak eta delitu simulazio saiakera egotzita, 2009ko azaroan Leitzan ETAren atentatu baten biktima izan zela asmatzeagatik.

Epaiketa urtarrilean egin zen eta fiskalak zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen guardia zibilarentzat, atentatu bat bizi izan zuenetik buruko gaitza zuela onartuta.

Salvador Melendezek bere burua tirokatu zuen 2009ko azaroaren 29ko goizaldean, zaintza lanetan ari zela, eta ondoren bere lankideei deitu zien ETAren erasoa jasan zuela esanez. Hasiera batean berri agentzia nahiz hainbat alderdi politikotako ordezkariek ontzat eman zuten haren bertsioa, baina orduek aurrera egin ahala dena muntaia izan zela argitu zen.

Epaimahaiak aintzat hartu du akusatuak atentatua asmatu zuela onartu izana, baita buruko arazoak zituela eta bere izaera «histrionikoa eta mitomaniakoa».

Sententziaren aurka helegitea jar daiteke Nafarroako Lurralde Auzitegian.