Naiz.info
Bilbo

Patakon gaztetxea nahi duenean hutsaraz dezakeela mehatxu egin du Ertzaintzak

Bilboko Uribarri auzoko Patakon gaztetxean sartzen saiatu da Ertzaintza eta hamalau lagun identifikatu ditu.

Bilboko Brankak jakitera eman duenez, arratsaldeko 18.30ak aldera Ertzaintzaren hainbat patruila agertu dira Uribarri auzoko Patakon gaztetxera. Ustez epailearen agindua zutela-eta, erakinaren barrura sartu dira. Bertan zeuden 14 gazte identifikatu dituzte, eta adin txikiko bati zaplazteko bat eman diotela jakinarazi dute iturri berberek. Gaztetxea nahi dutenean hutsaraz dezaketela ere mehatxu egin dute alde egin aurretik.

Gaur bertan Patakon gaztetxeko kideek salatu dute azken egunetan Ertzaintzaren eskutik jasaten duten «jazarpen itogarria».

Polizia autonomikoaren presentziaz ohartarazi eta gaztetxea husten ari zirela zabaldu da une batez, baina ez da halakorik gertatu.

«Tipi Tapa Uribarri Piztu» proiektuaren barnean, Patakon kolektibo sozialak Matiko kaleko seigarren zenbakian dagoen Patakon gaztetxea ireki zuen ekainaren 4an, mende erdi baino gehiago hutsik zeraman eraikina okupatu ondoren.