NAIZ.INFO
Bilbo

Egoera gainditzeko borondatea eskatu diete Patakon gaztetxeko kideek eraikinaren jabeei

Bilboko Uribarri auzoko Patakon gaztetxeak bizi duen egoera gainditzeko borondatea jar dezatela eskatu diete gaztetxeko kideek eraikinaren jabeei.

Patakon gaztetxeko kideek eman duten prentsaurrekoaren irudia. (ARGAZKI PRESS)
Patakon gaztetxeko kideek eman duten prentsaurrekoaren irudia. (ARGAZKI PRESS)

Bilboko Uribarri auzoan dagoen Patakon gaztetxera kalez jantzitako bi ertzain sartu ziren atzo 19.00ak inguruan. Utzarazteko baimenik gabe, gaztetxea «nahi dutenean» hustu dezaketela mehatxu egin eta 19.40 inguru alde egin zuten oihu artean.

Egoera horren aurrean, eskaera garbia egin diete gaztetxekoek eraikinaren jabeei: «Beren aldetik borondatea jar dezatela eskatzen diegu egoera desblokeatzeko».

Guztira 19 pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak, 14 gaztetxe barruan eta 5 kanpoan. Identifikazioez harago, adin txikiko bati aurpegian jo ziotela salatu dute Patakoneko kideek.

«Bidegabeko» ekintza honen aurrean auzotarrek izan zuten jarrera txalotu nahi izan dute, minutu gutxitan «ehun pertsona baino gehiago» hurbildu zirela azpimarratuz. Auzotarren jarerra txalotzeaz gain, astebetean «1.000 sinadura, 1.000 lagun edo talde baino gehiago» gaztetxera hurbildu direla ere azaldu dute, «babesa eta laguntza eskainiz».

Eurek eginiko hautua garbia dela esan dute, «tipi tapa Uribarri pizten jarraituko dugu». Bide horretan, manifestazioa deitu dute hilaren 15erako. Martxa 19.30etan abiatuko da, Uribarriko eskoletako plazatik.