NAIZ.INFO
BILBO

Patakon proiektuarekin jarraitzeko «determinazio osoa» adierazi dute

Bilboko Uribarri auzoko Patakon gaztetxea hutsarazi du Ertzaintzak gaur goizean. Horren aurrean manifestazioa egin dute bertako kideek eta hasitako proiektuarekin jarraitzeko «determinazio osoa» dutela azaldu dute.

Patakoneko kideek agerraldia egin dute eguerdian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Patakoneko kideek agerraldia egin dute eguerdian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Hilabete inguru ateak irekita zeramatzan Patakon gaztetxea hutsarazi du Ertzaintzak gaur goizaldean. Gaztetxeko kideek jakitera eman dutenez, zazpi furgoneta agertu dira Patakon ingurua hartzera eta barruan zeuden bost pertsona identifikatu dituzte.

Gertakari horien harira, manifestazioa egin dute gaur arratsaldean bertako kideek. Auzotarren artean izan duten babesa eskertu nahi izan dute eta Patakon margotzen, txukuntzen edo bere alde sinatu duen jende guzti hori goraipatu nahi izan dute.

Era berean, Bilboko alkateari gogorarazi diote «murrizketen aro honetan» autogestioan oinarritutako proiektu batek zero euroko kostua duela. Gaztetxeko kideek esanetan, okupazioa tresna bat izan da «Uribarriko behar soziokulturalak asetzeari begira» eta aurreratu dutenez, ildo beretik lanean jarraitzeko «determinazio osoa» azaldu dute.

Aurrera begira deituko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute.

Ekainaren 15ean, ehunka lagunek manifestazioa egin zuten Uribarrin, gaztetxearen beharra aldarrikatu eta eraikinaren jabeei egoerari konponbidea aurkitzeko gonbitea egin asmoz.