Mikel JAUREGI
BILBO

Hilario Azkarate pilotaria hil da

Hilario Azkarate Lupiola, esku pilotan 60ko hamarkada menderatu zuen gizona, hil zen igande arratsaldean Elorrio jaioterrian, 76 urte zituela.

Hilario Azkarate, 2010eko uztailean Elorrion egin zioten omenaldian. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Hilario Azkarate, 2010eko uztailean Elorrion egin zioten omenaldian. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Atzelaria zen Azkarate. Pilotari ezkertia zen, kantxan grinatsua eta amore ematen ez duten horietakoa. Eta sotamano bikaina zuen, erasora pasatzeko baliatzen zuena.

60ko hamarkada horretan, inoizko pilotaririk onenetako batzuekin lehiatu zen txapelak eta torneoak etxeratzearren: Ogeta, Atano X, Garcia Ariño I, Etxabe X... Elorrioarra bereziki indartsu azaldu zen Buruz Burukoan, 1960tik 68ra bitartean jokatutako final guztietan egon baitzen. Bederatzi horietatik sei irabazi zituen: 1960 (22-19 gailendu zitzaion Ogetari), 1961 (22-7, Exabe X.ari), 1962 (22-21, Garcia Ariñori), 1964 (22-14, Garcia Ariñori berriz ere), 1965 (22-17, Atano X.ari) eta 1967koa (22-18, Atano X.ari bigarrengoz).

Buruz Buruko Txapelketaren palmareseko bigarren pilotaria onena da, Julian Retegiren atzetik eta Juan Ignacio Retegiren aurretik (azken honek ere sei txapela eskuratu zituen, baina Azkaratek final bat gehiago jokatu zuen). Hain justu, Manomanistan egin zuen ibilbide horrek bultzada handia eman zion esku pilotari Bizkaian.

Hilario Azkaratek pilotaren historian izan duen itzalaren erakusle da, adbidez, Elorrioko pilotalekuak haren izena edukitzea.