NAIZ.INFO
DONOSTIA

Uribetxeberriaren egoerari irtenbidea emateko eskatu dio Herrirak Gobernu espainiarrari

Hamalau orduko mobilizazioa burutu du Herrira mugimenduak Donostia Ospitalean Iosu Uribetxeberria larriki gaixo dagoen presoaren askatasuna eskatzeko. Gobernu espainiarrari deia luzatu dio bertatik, preso arrasatearraren egoerari irtenbidea eman diezaion.

Iosu Uribetxeberria Donostia Ospitalera gerturatu direnak leihotik agurtzen. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Iosu Uribetxeberria Donostia Ospitalera gerturatu direnak leihotik agurtzen. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Hamarnaka pertsona elkartu dira goizetik Donostia Ospitalean Iosu Uribetxeberria larriki gaixo dagoen presoaren askatasuna eskatzeko. Hamalau orduko mobilizazioa egin du bertan Herrira mugimenduak, gauerdian bukatu dena.

Haima bat jarri dute Ospital atarian eta hamalau aulki huts ere jarri dituzte, larriki gaixo dauden preso kopuru adina. Aulki bakoitzean preso bakoitzaren egoeraren berri ematen zuten panel informatiboak utzi dituzte, Ertzaintzak gero erretiratu egin dituenak.

11.00etan elkarretaratzea egin dute eta bertan Jon Garai mugimenduko bozeramaileak adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean. Uribetxeberriaren egoerak irtenbide bat behar duela aldarrikatu du eta larriki gaixo dagoen preso bat espetxean mantentzeak pertsonen eskubideak urratzen dituela gogoratu du.

Pilota Gobernu espainiarraren teilatuan dagoela esan du eta erantzunkizunarekin jokatzeko eskatu dio, «mendeku politika aldera batera utziz eta giza eskubdeak errespetatuz».

Ertzaintzak ere egin du bere presentzia mobilizazioan eta gaixo dauden presoen inguruko informazioa ematen zuten panel informatiboak erretiratu ditu, «delitu zantzuak» zituztela eta.

Preso arrasatearraren askatasuna exijitzeko manifestazioa egin zuten joan den larunbatean bere herrian. Horrez gain, atzo ekin zion Etxeratek eragile politiko eta sozialekin egingo duen bilera errondari.

EH Bildurekin egin zuten bilera atzoko egunean eta ostiralean Arartekoarekin bilduko dira, Uribetxeberriaren egoeraren berri emtaeko asmoz.

Mattin Troitiñok Etxeraten izenea, hitz gogorrak erabili zituen bileraren amaieran egin zituen adierazpenetan. «Iosu hil egingo da», utzi zuen argi, espetxe politikaren «krudelkeria» nabarmenduz eta honek «erantzuleak» izan badituela erantsiz.

Etxeraten helburua bilera hauetatik ekimen komunak ateratzea da, indar metaketa hori beharrezko ikusten baitu behingoz gaixotasun larriak pairatzen dituzten hamalau preso politiko hauen egoera konpontzeko.