NAIZ.INFO

Mobilizazioak areagotuko dituzte Uribetxebarria aska dezaten

Eremu publikoan ezagunak diren pertsonen babesa jaso du gaur Iosu Uribetxebarriaren askatasun eskariak eta Herrirak iragarri du mobilizazioak areagotuko dituztela. Asteazken honetan Bilboko Konpartsak, Donostiko Piratak, Gasteizko Blusak eta Iruñeko Peñak izango dira Ospitalean. Ostegunean jende gehiago batuko da gose grebara.

 

Astelehenean bertso munduko hainbat pertsonek parte hartu zuten ospitaleko protestan. Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Astelehenean bertso munduko hainbat pertsonek parte hartu zuten ospitaleko protestan. Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Hurrengo egunetan mobilizazioak areagotuko ditu Herrira mugimenduak Iosu Uribetxebarria preso politikoaren askatasuna eskatzeko. Astearte honetan eremu publikoan ezagunak diren herritarrak izan dira Donostia Ospitalean Arrasateko presoaren berehalako askatasuna eskatzen.

Kultur eremukoak, kirolariak, instituzioetako kideak eta musikariak ziren bertan. Koldo Amezketa, Maiorga Ramirez eta Bakartxo Ruiz parlamentariak, Sabino Cuadra eta Xabier Mikel Errekondo diputatuak, Jose Mari Agirretxe ‘Porrotx’ pailazoa, Jesus Valencia idazlea eta Fito Rodriguez EHUko irakaslea, besteak beste. Gainera, beste hainbatek euren atxikimendua eta babesa ere agertu diete. Tartean Antonio Alvaez-Solis eta Juan Mari Irigoien idazleek, Irati Anda eskalatzaileak, Mikel Aranburu eta Igor Jauregi futbolari ohiek eta nazioarteko hainbat diputatuk ere (zerrenda osoa Herriraren webgunean).

Ostegunetik aurrera Donostia ospitalaren aurrean egiten ari diren gose grebara jende berria batuko dela ere iragarri dute Herriratik eta mobilizazioak areagotuko dituztela. Horren adibide Baionan ere egunero elgarretaratzeak egiten hasiko direla (16.00etan Cinq Cantons-en).

Asteazken honetan hiriburuetako jaien bihotza direnak joango dira protesta babestera. Donostiako Piratak, Gasteizko Blusak, Bilboko Konpartsak eta Iruñeko Peñak izango dira Donostia ospitalean.

Bertaratu diren eremu publikoko pertsonen mezua Uribetxebarriaren askatasuna eskatuz: