Garazi MUGERTZA
DONOSTIA

Liberalen gainbeherak independentismoari ateak ireki dizkio Quebeceko bozketetan

Hauteskunde garaia da Quebecen. Gaur egingo diren bozketek herriaren norabidea alda dezakete. Azken hamar urteotan liberalek agindu badute ere, galdeketek beherakada gogorra iragartzen diete, independentisten mesedetan. Hala ere, boza nori eman argitu ez dutenen kopurua handia da, eta azken unera arte itxaron beharko da.

Pauline Marois, Quebectarren Alderdiko hautagaia. (Rogerio BARBOSA/AFP PHOTO)
Pauline Marois, Quebectarren Alderdiko hautagaia. (Rogerio BARBOSA/AFP PHOTO)

Quebeceko herritarrentzat egun garrantzitsua izango da gaurkoa. Hauteskunde eguna da eta galdeketek lehen hiru indarrak tarte gutxiren aldearekin kokatzen dituzte. Alderdi nagusiek, «egonkortasunaren», «Quebec berpiztearen» eta «independentziaren» arteko aukeraketa planteatu diete hautesleei.

Galdeketek, Pauline Marois, Quebectarren Alderdiko hautagaia, kokatzen dute garaile gisa, bozen %33rekin. Inkestetako emaitza berretsiko balitz, nahikoa izango lukete independentistek gutxiengo gobernua osatzeko. Izan ere, itzulera bakarrera diren hauteskundeetan gehiengo osoa lortzea ia-ia ezinezkotzat jo daiteke. Hautesleen %76k ziurtzat jotzen dute gutxiengo gobernua izango dela.

Hala ere, Leger Marketing enpresako zuzendaria den Jean-Marc Legerrek gogora ekarri duenez, «gehiengo osoa lortzeko nahikoa da botoen %34 lortzea, hori da zenbaki magikoa». Eta independentistak ez daude inolaz ere urrun.

Bigarren lekua, agintean den Alderdi Liberala azken asteotan atzean utzi ostean, Quebecen Etorkizunerako Koalizioa alderdi berriarentzat eta bere hautagai François Legaultentzat izango litzateke, bozen %28rekin.

Hirugarren postuan, egungo lehen ministroa aurkitzen da galdeketen arabera, bozen %27rekin; hala, Jean Chearest liberala, bederatzi urte agintean egon ondoren, bere aginte makila galtzeko zorian da.

Ikasleen mugimendua

Chearest liberalaren beherakada, azken asteotan nabarmendu dena, hezkuntzaren aurka aurrera eramandako neurrien -eta ondorengo protesten- eta ustezko ustelkeria kasuen ondorio dela diote adituek, baita bederatzi urteko agintaldiak sortutako nekearen ondorio ere.

Quebectarren Alderdiak hezkuntzako tasen igoera bertan behera utziko duela iragarri du.

Marois hautagaiaren arrakasta xumea, aldiz, Charesten porrotak eragindakoa izan da. Azken horren aurkako jarrerek Maroisen aldeko grina piztu dute. Horrez gain, ikasle protestekin adeitasunez jokatu izanak, ikasleei eskainitako babesak eta lehen ministro izateko aurkezten den lehen emakumea izateak, gazteriaren eta emakumeen begikotasuna ekarri diote. Gazteriak, ordea, ez du bozkatzeko ohitura handirik Quebecen, nahiz eta aurtengo hauteskundeetan gazteen parte hartze tasak gora egin dezakeen.

Koalizio berriaren arrakasta harrigarria, aldiz, jendarteak duen nekearen ondorio izan liteke. Liberalen eta independentisten arteko lehia ezaguna da jada, bien arteko aurrez aurrekoak bizi izan dituzte urteetan zehar Quebeceko herritarrek, eta lehia horrek nekea eta betikotasun ideia sortu ditu herritarren zati handi batean, zeharka Legaulten alderdia indartuz.

Erreferendumaren afera

Quebectarren Alderdiko hautagaiak, anbiguotasunaren baitan mantendu du boterea bereganatuz gero independentziaren aldeko erreferenduma antolatuko lukeen ala ez. Alderdiak gobernua eskuratu duen bakoitzean planteatu izan du erreferenduma, eta beti galdu izan du.

Hori kontuan izanda, erreferendumaren auzia azken unerako utzi nahi izan du hautagaiak. Hauteskundeen atarian, ordea, erreferendumaren aldeko jarrera agertu du Maroisek, horrek, galdeketen arabera, bere alderdiak duen babesari eragin negatiborik sortu gabe.

Aldaketa horren oinarrian alderdiaren baitan dauden iritzi ezberdinak egon daitezke. Izan ere, hautesleen %15ek erreferendumaren aldeko jarrera erakutsiz gero «iniziatiba herrikoi» bat sinatuz, alderdiak erreferenduma antolatuko luke. Baina, erreferendumaren inguruko inkestek diotenez, independentziaren aldeko boza hiru herritarretik bakarrak emango luke, eta hirugarren porrot batek kostu handia suposa lezake alderdiarentzat.

Jada 1980an eta 1995ean planteatu izan ditu erreferendumak Quebectarren Alderdiak, eta, azken horretan garaipenetik oso-oso gertu ibili baziren ere, ez dute beharrezko babesik jaso. Horrela bada, Maroisek behin eta berriz ohartarazi du erreferenduma deitzeko asmoa baduela, baina, betiere, irabaziko duela ziur baldin badago.

Gainera, Quebecen Etorkizunerako Koalizioa da balizko aliantza baterako Moroisek gertuen duen alderdia, eta, erreferendumik ez duela defendatuko eta datozen hamar urteotan independentziaren aferari eutsi beharrean «Quebec biziberritzeaz» arduratuko dela ziurtatu du koalizio berriak. Bere garaian Quebectarren Alderdiko ministroa izan zen Legaultek mezu argi bidali du azken egunotan: «Quebec maite badugu ezin dugu zatitu. Ez dugu erreferendumik behar».

Dena dela, aliantzen eta hauen eraginaren berri izateko biharamunari itxaron behar zaio.