Naiz.info
Donaixti

Jendarmeek Donaixtiko eskola okupatua hustu dute

Azken urteetan hutsik egon den eraikina pasa den uztailean okupatu zuen herritar talde batek «proiektu kolektibo, herrikoi eta askatzailea» bultzarazteko. Jabeen salaketaren ondorioz etxea hustutzea agindu zuen epaile batek eta gaur bete du agindua poliziak.

Herritarren laguntzarekin atera dituzte euren gauzak eskola okupatuan zirenek. KAZETA.INFO
Herritarren laguntzarekin atera dituzte euren gauzak eskola okupatuan zirenek. KAZETA.INFO

Baionako epaile baten agindua segiz Donaixtiko San Mixel eskola hustutzera joan dira jendarmeak gaur goizean. Atea indarrez bota eta hainbat herritarrek iragan uztailaren 23an okupatu zuten etxera sartu dira poliziak, bertan ziren pertsonak kanporatuz.

Jendarmeek garai bateko eskolaren inguruko bide nagusiak blokatu dituzte eta goiz osoan zehar ezin izan da herrira sartu. Etxetik kanporatu dituzten herritarrek poliziaren jarduna salatu dute eta herritarrei sustengua areagotzeko deia egin diete.

Kanporatzearen ostean herriko alkatearen etxe aurrera joatea erabaki dute orain arte San Mixel eskola okupatuan zirenek. Goizean uko egin dio Jean-Pierre Vigneau alkateak eurekin hitz egiteari eta protesta gisa bere etxe aurrean ezarri dira San Mixel eskola zaharrean ziren herritarrak.

Ohar bidez jakinarazi dute San Mixel eskola okupatu zutenek hitzordua dutela bihar (15.00) auzapezarekin eta herriko kontseiluarekin biltzeko. Ordu berean elgarretaratzea deitu dute herriko etxearen aurrean.

Gaur «proiektu kolektibo, herrikoi eta askatzaile» hau defendatzera joateko deia egin diete herritarrei. Ohar bidez adierazi dute «sekula baino animatuagoak» direla proiektua biziarazten segitzeko.

Babes zabaleko proiektua

Garai bateko kolegioa okupatu zutenetik babes zabala izan du Donaixtiko proiektu honek. Baionako auzitegiaren hutsarazteko aginduaren biharamunean areagotu egin zen babes hori.

Herriz herri babes kanpaina abiatu zuten sinadura bilketa bideratuz. Inguruko herrietako hainbat alkate eta hautetsiren babesa jaso zuten; baita Batasuna eta Abertzaleen Batasuna alderdiena, LAB sindikatuarena eta Euskaldun Gazteriak eta Bizi mugimenduarenak ere.