Gotzon Aranburu
BARCINA DEL BARCO

Garaipen usaineko ibilaldia Garoñara

Guardia zibil bat sartu da Barcina del Barco herriko tabernara, zerbait hartzera, eta han bildutakoei militarren agurra egin die. EH Bilduko Rafa Larreinak eta Unai Pascualek harrituta begiratu diote, eta ez gutxiago IUko Gaspar Llamazaresek. Goizean zehar Garoñaren aurkako Martxan ibili direnek beste uniformedun asko ikusi dituzte, bai patroletan, ibaiko lantxetan edo helikopteroan.

Topa eginez amaitu zuten Garoñaren aurkako martxa. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Topa eginez amaitu zuten Garoñaren aurkako martxa. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Eguzkipean abiatu da martxa Santa Maria de Garoñako zentralera. Guztien buru, elektrotxaranga indartsu bat, La Pollaren abestiak eskainiz, dantza eta jauzi artean. Denetariko banderak ikusten dira: ikurrinak, Burgosko CNT-AITekoak, Gaztelakoak, errepublikarrak, CCOO sindikatuarenak, Garoñaren aurkako Koordinakundearenak… Politikariek eta Greenpeace Españako presidenteak, Mario Rodriguezek, hedabideei adierazpenak egin dizkiete, mikrofonoek ia estalita.

Manifestarien leloak klasikoak dira, esaterako ‘¡Basta ya de amenaza nuclear!’, ‘¡Más zonas verdes, menos verdes en las zonas!’ eta esanahi berezia duena, ‘¡Hoy Garoña, mañana Almaraz!’. Izan ere, badirudi datorren urteko uztailerako itxita egongo dela zentral hau, Nucleorrek ez baitu garaiz eskatu lanean segitzeko baimena. Tabernan zeukaten ‘Diario de Burgos’ek «El PP tacha de irresponsabilidad la decisión tomada con Garoña» zioen aurreneko orrialdean.

Kilometro bat inguru eginda, iritsi da zentraleraino ibilaldia. Garoñaren aurkako Koordinakundeko Carlos Alonsok «Garoña zombie bat da, honen bidea bukatu da, eskaini diezaiogun merezi duen hileta» dio bozgorailuaren bidez. Zentralera sartzeko ibai gaineko zubia zeharkatu behar da, eta itxita dago. Segurtasun zaindariek langaren beste aldetik begiratzen diote manifestarien ikuskizunari, serio asko. Oihuak, dantzak, Evaristorena egiten duen neskaren emanaldia… eta cava botilak, norbaitek kaxa batetik aterata. Topa egin dute eguzkipean, zentrala benetan itxi dadin, eta Burgoskoaren atzetik beste guztiek bide bera har dezaten.

Ibaian, Guardia Zibilaren txalupa bat, atzera eta aurrera etengabe. Hedabideek azkeneko irudiak hartu dituzte, presaka, erredakziora bidaltzeko ordua gainditzen ari baitira. Kazetari batek zentraleko langileen etorkizunaz galdetu dio Carlos Alonsori. «Endesak eta Iberdrolak erabili egin dituzte langileak, baina inguru honetako alkateek ere erantzunkizun handia daukate, ez baitira inoiz arduratu bestelako enpresak erakartzeaz. Dena nuklearraren alde jokatu dute, eta orain ikusiko dira ondorioak. Hala ere, bi enpresa horientzako erreza litzateke hemengo 600 langileak birkokatzea», dio.

Poliki poliki, bildutako jendea herrira itzultzen hasi da. Antolatzaileen esanetan, aurreko urteetan baino parte-hartzaile gehiago izan dira, eta pozik daude, horregatik eta zentrala berehala itxita ikustea espero dutelako. Segurtasuneko langileek pankartak kendu dituzte eta langa altxa dute. Serio jarraitzen dute.