NAIZ.INFO
ZARAUTZ

Zarauzko Guardia Zibilaren kapitain berriari zuzenean eskatu dio Udalak herritik alde egiteko

Kapitain berria ezarri dute Zarautzen Guardia Zibilak duen kuartelean eta Udalak bilera egin du berarekin. Herria utz zezaten eskatuz apirilean onartu zuten mozioari helduta herritik alde egiteko «urratsak eman ditzala» eskatu diote.

Guardia zibil bat iazko hispanitatearen egunean Iruñean desfilatzen. Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS
Guardia zibil bat iazko hispanitatearen egunean Iruñean desfilatzen. Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS

Gaur goizean bilera izan dute Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak eta bi zinegotzik Guardia Zibilaren herriko kuarteleko kapitain berriarekin. Patxi Elola PSEko zinegotziak proposatu zion Bilduri bilera hori egitea eta independentistek onartu eta gaur izan dira elkarrekin.

Gari Berasaluze zinegotziak bere blogean argitaratu du bileraren berri. Bertan, kapitain berriari zuzenean eskatu diote herritik alde egiteko. Apirilaren 25ean Udalbatzak onartu zuen mozioa oinarri hartuta bost eskari zehatz egin dizkiote.

Lehena, «urratsak eman ditzala» kuartela utzi eta herriari itzultzeko eskatzen zuen mozioa bete dadin, babes ofizialeko etxebizitzak egin nahi ditu Udalak bertan. Bigarrenik, Orokieta ikastetxea bertatik bertara dutenez, armak ez ditzatela erakutsi eta «inolako presiorik» ez dezatela egin inguru horietan, «ez delako batere hezitzailea». Hirugarrenik, «turismoa erakartzeko Udalak egiten duen lana ikusirik» herri inguruan jarri ohi dituzten kontrolak ez jartzeko. Udalarekin zuzeneko elkarrizketa kanal bat irekitzeko ere eskatu diote Guardia Zibilaren kapitainari eta, azkenik, dagokionari helarazteko Udalaren eskakizuna.