Naiz.info
Bilbo

Herri borrokalarien arteko elkartasuna bultzatzen jarraituko duela nabarmendu du Askapenak

Azaroaren 10ean Altsasun ospatuko duten 25. urteurren festara joateko deia luzatu dute eta orain dela bi urte euskal internazionalismoaren aurka burututako sarekada gaitzetsi dute.

Hainbat lagunek parte hartu dute Askapenaren agerraldian. (ARGAZKI PRESS)
Hainbat lagunek parte hartu dute Askapenaren agerraldian. (ARGAZKI PRESS)

Askapena sortu zenetik 25 urte betetzen direla-eta agerraldi masiboa egin dute erakunde internazionalistako hainbat kide eta beste eragile eta aurpegi ezagunekin batera. Besteak beste, bertan izan dira Iñaki Gil de San Vicente, Txomin Ziluaga, Felix Arriaran (Pakito Arriaranen anaia), Txente Rekondo, Amparo Las Heras, Antxon Mendizabal, Walter Wendelin, Ion Etxebarria, Iñigo Bilbao, Itxaso Lekuona, Fredi Paia bertsolaria edo Jon Mikel Fernandez eta Naroa Iturri kazetariak.

Agerraldian herri borrokalarien artean elkartasuna sustatzen jarraituko dutela nabarmendu dute eta Cuban, Ertamerikan, Venezuelan edo Palestinara joandako brigadisten lana goraipatu dute. Hartu eman horren bidez Euskal Herriarekiko elkartasuna ere aipatu dute.

Ildo horretan, orain dela bi urte erakunde internazionalistako kideen aurka burutako sarekada gogoratu dute eta herrien arteko «samurtasuna» ixilarazteko eraso bezala gaitzetsi dute.

Aldi berean, datorren azaroaren 10ean Altsasun ospatuko duten Internazionalista egunera joateko deia luzatu dute.