NAIZ.INFO
DONOSTIA

Gipuzkoako Aldundiak euskara lehenetsiko du bere agerraldietan

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, aste honetatik aurrerako agerraldi publikoetan euskarak izango lehentasuna, hizkuntza normalizazioa helburu duten bestelako neurri eta konpromiso zehatz batzuen artean.

Euskara normalizatzeko eta euskaraz bizi ahal izateko Aldundiak hartu dituen konpromiso zehatzen berri eman dute foru erakunde gipuzkoarreko ordezkariek. «Gobernu honek lehentasuna eman nahi dio euskarari, Gipuzkoa lurralde euskalduna baita», adierazi du Larraitz Ugarte bozeramaleak. Berarekin izan dira Zigor Etxeburua Euskara zuzendaria eta Aitziber Iartza, Komunikazio arduraduna.

Ugartek azaldu duenez, «euskara normalizatzeko bidean», Gipuzkoako Aldundia «urrats sendoak» ematen ari da». Izan ere, euskara normalizatzeko araua indarrean egon arren, «praktikara eraman gabe» egon dela nabarmendu du. «Legeak jasotzen duena betearazten ari da orain» foru erakundea.

Bide horretan «neurri zehatzak» hartzen ari direla nabarmendu dute. Ugarteren arabera, dagoeneko 49.324 lagunek eta 643 enpresek eskatu dute Ogasunarekin harremana euskara hutsean izatea.

Horrez gain, herritarrentzako zerbitzu guztiak euskaraz emateko helburua gauzatu nahi du Aldundiak legealdi honetan.

Aldundiko Sailetako funtzionamenduari dagokionez «aldaketa nabarmenak» ematen ari direla azaldu dute: besteak beste, lan egiteko hizkuntza eskakizunez aparte, departamendu askok bilerak ere euskaraz egiten dituzte.

Itzulpenei dagokionez, nabarmendu dute inoiz baino gehiago itzultzen ari dela euskaratik gaztelaniara.

Larraitz Ugartek gaineratu duenez, foru gobernua euskararen irizpidea erabiltzen ari da kontratazioak eta dirulaguntzak eman edo ez erabakitzeko orduan. Adibidez, errepide bateko lehiaketan enpresa bat kanpoan utzi dutela jakinarazi du bozermaleak, hizkuntzari lotutako baldintza bat betetzen ez duelako: obra zuzendariak euskaldunak izatea.

Kanpora begirako harremanetan ere neurriak hartu dituzte: agerraldi publikoak, elebidunak izan beharrean, euskara izango dute lehentasun. Hau da, ez da agerraldi osoa gazteleraz errepikatuko. Moldatzen ez diren kazetariek itzultzaileen laguntza izango dute eta prentsa oharrak bi hizkuntzatan banatuko dira.