NAIZ.INFO
BILBO

Hainbat eragile politiko eta sozialek bat egin dute azaroaren 10eko manifestazioarekin

Herrira mugimenduak azaroaren 10ean Baionan euskal presoen eskubideen alde deitu duen manifestazioarekin bat egin dute hainbat alderdi, sindikatu eta gizarte eragilek.

Ezker abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba eta EB-Berdeak alderdiek, Hiru, EHNE, ESK eta LAB sindikatuek eta hainbat eragile sozialek atxikimendua adierazi diote Herrirak azaroaren 10ean Baionan euskal preso politikoen eskubideen alde antolatu duen manifestazioari.

Atxikimendua adierazten duen agiria gaur aurkeztu dute Bilbon. Kepa Martinez de Lagosek eta Igone Lamarianek, guztien izenean, gogoratu dutenez, Euskal Herrian gatazka politikoari konponbide «justua» emateko eta «denon artean bakea eraikitzeko» aukera zabaldu da, eta bide horretan bat egin dute erakunde ugarik eta nazioarteko pertsona eta eragile askok.

Munduan izan diren beste gatazka batzuetan bezala, hemen ere preso eta iheslarien auzia konpontzea «beharrezkoa» izango dela nabarmendu dute eta, ildo horretan, Estatu espainol eta frantsesean preso daudenen eskubideak errespetatzea «berehala hartu beharreko neurria» dela uste dute.

Horregatik, eta Aieteko Konferentzian bildu ziren nazioarteko pertsonalitateen «aholkuei jarraituz», azaroaren 10ean Baionara joateko deia egin dute, ondoko aldarrikapenak ardatz hartuta: presoen Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituztenak aske uztea, 197/2006 doktrina eta «perpetuite» zigorra bertan behera indargabetzea, zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak beteta dituztenak aske uztea, isolamendu egoerekin amaitzea eta euskal iheslarien aurkako jazarpenarekin bukatzea.

PNBk bat egin du Baionako manifestazioarekin

Ipar Euskal Herriko EAJ-ko bozermailea den Daniel Camblongek bere alderdiak datorren azaroaren 10ean Baionan egingo den euskal preso eta iheslarien aldeko manifestazioaren bat egiten duela esan du.

Presoen afera elkarbizitzarako arazo dela nabarmendu du Camblongek eta arazo hori konpontzeak gizartea «bakera eta lasaitasunera» eramango duela aitortu du. Estatu espainiar zein frentziarrari dei egin die bakerako prozesuan parte hartzera, «gizarte osoaren arazoa delako».