NAIZ.INFO
DONOSTIA

ESK-k bat egin du azaroaren 14rako deitu duten grebarekin

ESK sindikatuak bat egin du azaroaren 14an Estatu espainolean deitu den greba orokorrarekin. «Euskal Herrian 217.892 arrazoi ditugu grebara joateko», adierazi du.

ESK-k ohar batean jakinarazi duenez, bihar goizean Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzan eta Nafarroako Gobernuaren Lan Sailean azaroaren 14ko greba orokorrerako deialdia aurkeztuko du. CCOO eta UGTk deitu dute Estatu espainolean eta egun berean mobilizazioak izango dira Europan, sindikatuek antolatuta.

Sindikatu honek dioenez, «langabezian den pertsona bakoitzeko arrazoi bat dago grebara joateko», eta «Euskal Herrian 217.892 arrazoi ditugu».

Lanuztearen deialdiaren helburuak, azaldu duenez, honakoak dira: Kongresu espainolean 2013rako aurkeztutako aurrekontuak atzera botatzea; gobernu eta administrazioek krisiaren inguruan hartutako neurri eta politikei «arbuiorik erabatekoena» adieraztea eta «berauen izaera antisoziala salatzea»; botere ekonomiko eta enpresaburuak «bideratzen ari diren enplegu hondamendi taigabekoa eta prekarietarearen areagotzea salatzea»; eta «politika publiko, ekonomiko zein gizarte eta lan alorrekoak errotik alda daitezen behartzea eta Euskal Herrian erabaki daitezela exijitzea».