Ane ARRUTI
DONOSTIA

Donostia aukeratu dute idazle espetxeratuen eguna ospatzeko

Idazle espetxeratuen eguna ospatuko du azaroaren 15ean Nazioarteko PEN klubak eta deialdi horrekin bat egin dute Euskal PEN Klubak eta Ataramiñe kultur elkarteak. Euskal Herrian Donostian izango dira ekitaldiak.

Ataramiñeko Oier Gonzalez, Juan Karlos Izagirre alkatea eta Euskal PEN Klubeko Urtzi Urrutikoetxea. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Ataramiñeko Oier Gonzalez, Juan Karlos Izagirre alkatea eta Euskal PEN Klubeko Urtzi Urrutikoetxea. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Idazle espetxeratuen eguna ospatuko du azaroaren 15ean Nazioarteko PEN klubak eta deialdi horrekin bat egin dute Euskal PEN Klubak eta Ataramiñe kultur elkarteak. Euskal Herrian lehen aldiz egingo dira ekitaldiak egun honen harira eta Donostia aukeratu dute horretarako.

Ekimena gaur goizean aurkeztu dute Donostiako udaletxean hiriko alkate Juan Karlos Izagirrek, Euskal PEN Klubeko Urtzi Urrutikoetxeak eta Ataramiñeko Oier Gonzalezek.

Adierazpen askatasuna aldarrikatzea du helburu nagusi egun honek eta ostegunean, Donostiako Bulebarrean, ‘Letrak giltzapetik’ deitu duten irakurraldia egingo da. 18.00etan hasita, ziega bat irudikatuko dute eta hogei bat kazetari, politikari eta eragilek barrutik irakurriko dituzte eurek aukeratutako idazle presoen testuak. Horien artean izango dira, besteak beste, Martin Anso (‘Egin’ egunkariko langile ohien izenean), Martxelo Otamendi, Gorka Landaburu, Eider Rodriguez, Fito Rodriguez, Arantza Zugasti eta Juan Karlos Izagirre.

Ondoren, 19.30ean, mahai-ingurua izango da San Jeronimo kaleko udal liburutegiko sotoan, ‘Espetxea eta sorkuntzaz bi hitz’ izenburupean, Laura Mintegik, Mitxel Sarasketak eta Fermin Munarrizek hartuko dute parte, Urtzi Urrutikoetxeak gidatuta. 

Euskal PEN Kluba duela zortzi urte sortu zen eta Urrutikoetxeak azaldu duenez, beste hainbat herrialdetako idazle eta kazetariek jasaten duten jazarpenaz gain, Euskal Herrikoa ezagutaraztea tokatu zaiela. «Gurean gauzak hobera egin du baina oraindik ere ulertezina da kazetariak preso egotea», esan du. Izagirrek, Teresa Toda eta Javier Salutregi gogoratu nahi izan ditu, ‘Egin’ egunkariko kideak biak eta preso jarraitzen dutenak; «mundu osoko kasu larrien artean, gurean gertatzen direnak ere ezin ditugu ahaztu», adierazi du.