NAIZ.INFO
DURANGO

Benito Lertxundik jasoko du aurtengo Argizaiola saria Durangoko Azokan

Benito Lertxundi musikariak jasoko du aurtengo Argizaiola saria Durangoko Azokan. Ekimenarekin izan duen harreman «estua» eskertu nahi izan diote antolatzaileek modu horretan.

Gaur aurkeztu dute Durangoko Diska eta Liburu Azokako aurtengo edizioa. (DURANGOKO AZOKA)
Gaur aurkeztu dute Durangoko Diska eta Liburu Azokako aurtengo edizioa. (DURANGOKO AZOKA)

Aurtengo Argizaiola saria Benito Lertxundirentzat izango da 60. hamarkadatik hona euskal musika eta kulturgintzan «erreferente» izan delako. Durangoko Azokak ekimenarekin izan duen lotura «estua» eskertu nahi izan dio modu horretan.

Argizaiola abenduaren 6an emango zaio Lertxundiri Gauean Argi ekitaldian. Ekitaldi «berezia» izango dela aurreratu dute eta Jon Maiak aurkeztuko du.

Durangoko Azokak abenduaren 6tik 9ra zabalduko ditu ateak. Aurtengoa, 47. edizioa izango da eta Nestor Basterretxeak egin du kartela.

300 ekitaldi bain gehiago antolatu dira aurkezpen, emanaldi, tailer, hitzaldi eta bestelako ekitaldien artean. Aurten 253 stand izango dira erakustazokan liburu, disko, teknologia-gai eta bestelako proposamenen artean.

Azokara begira argitaratzen diren nobedadeei dagokionez, 411 izenburu berri argitaratu dira. Horietatik 289 liburu dira, 65 bideoak, 32 aldizkariak, zazpi liburu elektronikoak eta 18 bestelakoak. Azokako arduradunen arabera, liburu nobedadeetan egon da beherakadarik, iaz 313 izan baitziren izenburu berriak.

Partaidetzari dagokionez, 127 argitaletxe, diskoetxe, talde, elkarte eta erakunde izango dira Azokan.

Azokak egun bat gutxiagoko iraupena izango duen arren, inoiz izan duen egitaraurik zabalena osatu dute aurtengoan.

Kultura ijitoa izango da kultura gonbidatua.