Berri Txarraken Europako bira NAIZen, taldekideen eskutik

Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek euren begietatik eskainiko digute NAIZen Berri Txarraken Europako bira. Astelehenean abiatuko dute tourra eta jarraipena egiteko tarte berezia izango dugu gurean; #BTXEuropeanTour bertatik bertara gozatzeko aukera paregabea.

ION TELLERIA|DONOSTIA|2012/11/23|3 iruzkin
Berritxarrak_becatu_festibala_oier_elorriaga_barakaldo_2012_azaroa_3_
Berri Txarraken zuzenekoa BECatu jaialdian, azaroan. Oier ELORRIAGA / MUSIKAZUZENEAN.COM

Astelehenean, hilaren 26an, Andorran hasi eta abenduaren 12an Okzitaniako Tolosan amaituko du Berri Txarrak taldeak bere Europako bira (#BTXEuropeanTour) eta NAIZek barru-barrutik jarraitzeko aukera eskainiko du; taldekideek eurek emango baitute horretarako sortutako ‘tourblog’ berezian biraren berri.

NAIZen eta Berri Txarraken elkarlanaren emaitza da jarraipenerako propio sortutako orria. Biran zehar Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek biziko dutena jarraitzeko aukera izango da. Hiriz hiri gertatutakoak, irudiak eta nondik nora dabiltzan jakiteko mapa berezia izango ditu, besteak beste.

Honezkero ikusgarri dago bloga eta igandetik aurrera hasiko dira taldekideak biraren ingurukoekin eguneraketak sartzen.

Andorra, Erroma, Ljubljana, Berlin...

Iazko udazkenean grabatu zuten diskoa ardatz hartuta, Berri Txarraken akordeek Cuenca (Gaztela), Cartagena (Murtzia) eta Castelló (Herrialde Katalanak) hartuko dituzte asteburu honetan eta astelehenetik aurrera Europako birari ekingo diote.

Andorran dute lehen zita astelehenean, Lyonen jo ostean datorren astebururako Italian ariko dira (Genova, Erroma, Bolonia eta Udinen). Ljubljana (Eslovenia) eta Tabor-en (Txekiar Errepublika) gero eta Alemaniara berehala. Berlin, Hanburgo eta Osnabrück hirietan egon ostean Herbehereetara, Gemert hirira, pasako dira. Alemaniara sartu-irtena, berriz, Köln-en, eta Herbehereetara buelta gero, Tilburg eta Den Haag hirietara.

Berlindik aurrerako kontzertuetan Note to Army alemaniarrekin batera taularatuko da euskal hirukotea. Biraren azken kontzertua Okzitaniako Tolosa hirian, Le Saint des Seins salan, programatu dute, abenduaren 12rako.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK