Kutxa «gipuzkoarren interesen aurka» doa, Garitano eta Izagirreren aburuz

Kutxako Administrazio Kontseiluaren hautaketa prozesua «lotsagarria» izan zela nabarmendu eta euren kezka agertu dute Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek.

Naiz.info|Donostia|2012/11/23
20121123_garitano_izagirre
Martin Garitano eta Juan Karlos Izagirrek elkarrekin egin dute agerraldia. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak, Kutxaren entitate sortzaile gisa, pasa den asteazkeneko batzarrean eta ondorengo Administrazio Kontseiluan gertatutakoa «lotsagarria» eta «oso kezkagarria» dela adierazi dute.

«Gardentasun eza, demokrazia falta eta errealitatea desitxuratzeko asmo nabarmenak» izan ziren, Garitano eta Izagirreren aburuz, administrazio kontseilua osatzeko prozesuan.

Gipuzkoako Aldundian, Donostiako Udalean eta lurraldeko beste hainbat Udaletxetan Bilduk gobernua duela ohartarazi dute, eta EAJ, PSE, PP eta CCOOri leporatu diete, «trikimailuen» bitartez, ordezkaritza hori ez errespetatzea.

«Gertatutakoa oso larria iruditu zaigu, baina are larriagoa eta kezkagarriagoa iruditzen zaigu erabaki horren atzean dagoena. Izan ere, Kutxan gertatutakoa ez da alderdien edo siglen arteko lehia, baizik eta bi ereduren arteko talka, aurrez aurreko talka», azpimarratu dute.

Bi agintariek Kutxari galdegin diote «zabaldutako bidean atzera egiteko eta sorreran zuen izaerari eusteko».

Kutxako zuzendari Xabier Iturberi ere mezua helarazi diote. «Bi erakundeontzat benetan kaltegarria da Kutxak hartu duen norabidea eta, beraz, asteazkeneko batzarra bertan behera uzten ez badu, bihar bertan esan dezala zer asmo duen Kutxarekin, argitu dezala zer egingo duen, pribatizazioarekin, Kutxako langileen baldintzekin eta etxe kaleratzeekin. Bestela, aurrez aurre izango gaituzte».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK