NAIZ.INFO
DONOSTIA

Donostiako industria guneetan aparkatzeko ez da TAOrik ordaindu beharko

Donostiako Udalbatzak bihar berretsiko du Udal Gobernuak proposatutako TAO ordenantza berria. Besteak beste, arau berriak Miramon, Igara eta Zuatzuko industria guneetatik kendu egingo du TAO ordaindu beharra eta bertakoen eta langile autonomoen baldintzak hobetu egingo ditu. Udal taldeen arteko adostasuna nabarmendu du Mugikortasun zinegotziak.

TAO ordenantzaren mapa berria. Donostiako UDALA (Donostia.org)
TAO ordenantzaren mapa berria. Donostiako UDALA (Donostia.org)

Urtarriletik aurrera indarrean ezarriko den TAO ordenantza berria onartuko du bihar Donostiako Udalbatzak. Udalak aurreratutako informazioaren arabera industria guneetan ez da TAO ordaindu beharrik izango eta unibertsitariek, bertakoek eta langile autonomoek hainbat onura izango dituzte.

Miramon, Igara eta Zuatzuko industria guneetan ez da TAO ordaindu beharko ordenantza berriaren arabera. Donostian bertan bizi direnei ere erraztasunak eman asmoz egoiliar txartela eskuratzeko nahikoa izango da eskaera egitea eta aparkatzeko eremu zabalagoak izango dituzte hiritarrek erdialdean eta Amaran.

Langile autonomoek merkeagoak diren 2 eta 3 tarifak erabiltzen jarraitu ahalko dute eta egoiliarren eremuetan aparkatu ahalko dute. Unibertsitate ikasleek 2 tarifa erabili ahalko dute eta are merkeagoa izango da bi bidaiari baino gehiagorekin doazen autoentzat (3 tarifa).

Hiriko hainbat eremuetan TAO ezarri ere egingo dute, ordea. Antiguoan zabaldu egingo dute araututako eremua Aizkorri, Portuene, Urnieta eta Arriola kaleetara eta Amaran Morlansera. Loiolako Erriberetan sortuko den sektore berria ere arautu egingo du ordenantza berriak.

Areagotu egingo dira igande eta jai egunetan eta uda garaian araututa egongo diren eremuak ere.

Adostasun handia

Ordenantza berriaren xehetasunak ematean «ezberdinen arteko adostasuna» izan dela nabarmendu du Jon Albizu zinegotziak. Zehazki PPri «urtean zehar egindako lana» eskertu nahi izan dio Mugikortasun zinegotziak eta EAJri ere eskerra adierazi dio, «alor honetan egin dituen ekarpenengatik».