Salgai jarritako 40.000 kultura bonoak 24 ordutan agortu dira

Lakuako Gobernuak Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian salgai jarritako 40.000 kultura bonoak agortuta daude. 24 ordu baino gutxiagotan akitu dira.

Naiz.info|Donostia|2012/12/11

Lakuaren arabera, liburuak, ikus-entzunezkoak edo kultura ekitaldietako sarrerak eskuratzeko kultura bonorik ez da geratzen dagoeneko.

Araban 6.800 jarri ziren salgai atzo, eta ordu gutxitan agortu ziren. Bizkaian 22.000 banatu eta 20.019 saldu ziren eta Gipuzkoan 11.200etik 7.600. Gaur goizean, geratzen ziren apurrak akitu direla adierazi dute iturri berberek.

Aurreko urteetan kultura bono gehiago eskuragarri jarri ditu Gasteizko Gobernuak, baina aurtengoan halakorik ez duela egingo iragarri du, arazo ekonomikoak tarteko.

Bonoak 25 eurotan saltzen dira, eta horiekin 40 eurotako gastua egin daiteke kultura produktuetan.

Urtarrilaren 18ra arte dira erabilgarriak.