Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko proposamenari heltzeko eskatu du Kontseiluak

Werten hezkuntza proposamenari erantzuteko prentsaurrekoa eman du Kontseiluak beste hainbat eragile sozialekin batera eta ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko bere garaian egin zuen proposamena martxan jartzeko unea heldu dela adierazi du.

NAIZ.INFO|BILBO|2012/12/13
20121213_kontseilua
Kontseiluak eta hainbat eragile sozialek Bilbon eman duten prentsaurrekoaren irudia. (ARGAZKI PRESS)

Estatu espainiarreko Hezkuntza ministro den Jose Ignacio Werten proposamenaren inguruko balorazioa egiteko prentsaurrekoa eman du Kontseiluak Bilbon, hainbat eragile sozialen babesarekin. Bertan, proposamenak euskarari «eraso zuzena» egiten diola salatu dute, «gure herrian ikasle euskaldunak bermatu dituen hezkuntza-eredua kanpoan utz dezakeelako».

Lege hori abian jarriz gero, euskararen normalizazio bidean egongo liratekeen «kalteez» hitz egin du Paul Bilbaok eta Estatu espainiarreren aldetik «eraso» bat dela esan du. «Zoritzarrez, bestelako erasoak ere pairatu ditugu, Egunakriaren itxiera, adibidez», argitu du.

Duela hamar egun Donostian egin zen manifestazioaren erreferentzia ere egin du Bilbaok. Milaka pertsonek euskaraz bizitzeko nahia erakutsi zutela aipatu du eta bertan euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioak euskalduntzea exigitu zela gogoratu du. «Argi dago, ordea, Werten proposamena ezagutzaren unibertsalizazioa oztopatzeko tresna dela», gaineratu du.

Kontseiluak berak duela hamar urte aurkeztu zuen ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko proposamena abian jartzeko eskatu du eta, horretarako, euskal erakunde eta alderdiei eskura dituzten «tresna guztiak» erabiltzeko eskatu die.

LOTURAK