#BTXeuropeantour: 7.000 Km zaharrago, 20 kontzertu gazteago

Okzitaniako Tolosan amaitu berri du Berri Txarrak-ek Europako bira eta zuzenean jarraitu dugu NAIZen tourblog berezian: hotza eta elurra, jendez lepo egon diren kontzertuak, zale gutxirekin egin dituztenak, gitarra soka apurtuak, ahots urratuak eta aurreikusi gabeko kolaborazioak. Bira amaitu da, baina oraindik Gorka Urbizuren azken postak falta dira, ez galdu ‘Haria’!

ION TELLERIA|DONOSTIA|2012/12/14


Berri Txarrak European Tour 2012 (Teaser)

Gorka Urbizuk NAIZeko #BTXeuropeantour blog berezia abiatzeko lehen postean idatzi zuen: «7.000 kilometro zaharrago itzuliko gara beharbada, baina baita 20 kontzertu gazteago ere». Ia hiru aste pasa dira hura idatzi zuenetik eta asteazkenean jo zuten birako azken kontzertua Okzitaniako Tolosan, eszenatik eta taldearen furgonetatik, NAIZen bertatik bertara jarraitu ahal izan dugun bira.

Galder Izagirreren, David Gonzalezen eta Gorka Urbizuren bidaia lagun ginela sentitzeko modua eman digute azken honek tourblog berezian idatzi dituen postek. Eurek alboan eraman duten musika entzun dugu eta toki bakoitzari atera dioten argazki berezia ikusi ahal izan dugu.

Askorako eman dezake hiru asteko bira batek, are gehiago Europa bezala, kilometro gutxian horrenbeste aldatzen den eremu geografiko batean. Indartsu hasi zuten bira Andorran, «astelehen gaua zen eta mendiz inguratutako areto bat lehertu genuen gure kantuekin», zioen Urbizuk lehen kontzertuaren ostean. Apur bat ustekabean Andorrakoa, ez Berlinekoa. Beastie Boys-en ‘Rock the sure shot’ zitarekin ireki zuen Urbizuk Berlingo posta, bazekien zer zetorren: «giro beroa eta ikusleen orroak entzuten dira kamerinoetatik. Bagoaz. Berlin, sure shot».

Denak ez dira horrela izan, Tabor-en «bederatzi ikusle gehi gu: hamabi, matematikak errazak dira zenbaitetan» zioen Urbizuk, baina «bikain» pasata, hori bai. Bidaia luzea egin zitzaien taldekideei Tabor artekoa, eta ez da bakarra izan; elurra eta hotza bidelagun izan baitute hainbatetan. 

Leku ederrak ikusi dituzte batean eta bestean, egoera ekonomikoa dela eta protestak ere bai, herrimina sentiarazi dieten leku ederrak, Esloveniako Fríûl-eko mendizerra kasu, eta Genovan bezala, «ezkutuan geratzen dena dela benetan inportantea» erakusten dizuten lekuak.

«Fender 1 - Gibson 0», gitarraren sokak apurtu eta ia kontzertua amaitu ezinda izan zirela Udinen kontatu digu Urbizuk, Lyonen hasieran ahotsak kale egin ziola eta Bolonian, Kortaturen ‘Zu atrapatu arte’ abestuz aritu zirela Galder eta Gorka Banda Bassottikoekin batera.

‘Skorbut’

Tourblog berezian aldiro non ziren jarraitu ahal izan dugun arren, aurrez lotutako dena ez da beti emaitza. Hamburgoko kontzertua adibide onena. Kontzertua bertan behera utzi zuen ‘Logo’ aretoak. Alternatiba berehala, ‘Skorbut’ izeneko salan eta kolpez okerrenetik onenera, familiaren bisita eta zale baten oihua: «Hamburg loves you, fuck Logo!!». Urbizuren erreakzioa: «irribarre maltzur bat erne zait afinatzen ari nintzela. Ez guri kontzerturik ken».

Amaitu dute #BTXeuropeantour baina oraindik azken kontzertuen ingurukoak falta dira tourblog berezian, ez galdu ‘Haria’ beraz!

LOTURAK