Arazo ugari sortu ditu haizeak

Haize bolada indartsuek arazo ugari sortu dituzte gaur goizean, batez ere Bizkaian. Alerta laranja ezarri dute Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, eta horia Nafarroan.

Naiz.info|Donostia|2012/12/14

Gauean eta goizean izan diren haize ufada gogorrek arazo handiak sortu dituzte, batez ere Bizkaian. Gertakari larriena Zamudion izan da. Tentsio baxuko kable bat N-637 errepidera erori da eta trafikoa moztu behar izan dute bi norabideetan.

Berrizen, eraikin baten fatxadaren zati bat auto baten gainera erori da eta Sestaoko eskola batean txapazko teilatu bat erori da patiora baina ez da inor zauritu.

Loiuko aireportuan lur hartzekoak ziren bi hegazkin Santanderrera desbideratu behar izan dituzte.

Diputazioak jakinarazi duenez, suhiltzaileek 17 irteera egin behar izan dituzte goizaldeaz geroztik Bizkaian, antena, zuhaitz, teila eta bestelako elementuak errepideetatik erretiratzeko.

Parkeak itxita Donostian

Donostiako Udalak hiriburuko parkeak itxi egin ditu gaur iragarritako haize bolada indartsuen eraginez, eta istripuak ekidite aldera.

Hainbat parketan tamaina handiko zuhaitzak daudela ohartarazi du, eta haiek kalterik ez sortzeagatik itxi dira parkeak, beste arrazoien artean.

Eguraldi adituek diotenez, haizeteak gogorrak izango dira egun osoan, batez ere kostaldean. Bilbon, goizeko lehen orduan, orduko 100 kilometrik gorako boladak neurtu dituzte. Alerta laranja ezarri dute Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta horia Nafarroan.

 

LOTURAK