‘Euskara Jendea’: euskararen eta bere herriaren historian barrena

Sei atalek osatuko duten dokumental sorta da ‘Euskara jendea’. «Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza» leloa abiapuntu hartuta landu dute proiektua Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara elkarteek; emaitza heldu den urteko udaberrira arte ez da ezagutuko, baina trailerra sareratu dute, jada.

ION TELLERIA|DONOSTIA|2012/12/14

«Euskal Herriaren historia azaldu nahi izatekotan, euskaraz mintzo den jendearena esplikatu behar da». Zenbat Gara eta Ibaizabal-Mendebalde elkarteek bultzatu duten ‘Euskara Jendea’ dokumental sortaren xedea laburtzen du esaldiak. 2013ko udaberrirako iragarri dute azken emaitzaren aurkezpena, baina aste honetan publiko egin duten trailerrean lehen fruitua erakutsi dute, jada:

Ordubetera iritsiko ez diren sei atal izango ditu dokumental sortak (‘Historiaren atarian’, ‘Erromako Inperioan’, ‘Aniztasunaren bidean’, ‘Mugetan gaindi’, ‘Gerren arteko Pizkundean’ eta ‘Mundua osatzen’) eta historiaurretik abiatu eta gaur arte doan euskararen jendearen historia jasoko du.

Trailerrean jaso dugu, jada, bidaia horren lagin bat, diziplina anitzeko ikuspegitik nola landu duten euskararen jendearen historia. Jacques Blog arkeologoaren azalpenak Okabeko nekropoliaz; Miren Egaña Goya, Beñat Oihartzabal eta Iñaki Camino hizkuntzalarien ikuspegia ‘Basque’ abizenaz, arrantzaleentzat idatzitako testuez eta XIX. mendean euskarak Nafarroan izan zuen galeraz, hurrenez hurren; AEBetako euskal artzainen errealitateaz William Douglass antropologoak esandakoak edo gaurkora gehiago gerturatuta, Lourdes Otaegi irakasleak dakartza gogora Tolosako ikastolaren sorreraren inguruan Lizardik idatzitakoak eta Amaia Aire abeslari era irakasleak gaur egun euskararekin bere egunerokoan duen harremana.

Horiez gain beste hainbatek ere parte hartu du dokumental sorta honetan. Jon Sarasua bertsolari eta idazlea, Iratxe Esnaola informatikaria; Joseba Agirreazkuenaga, Jurgi Kintana, Juan Jose Larrea eta Elena Torregarai historialariak; Peter Bakker, Joakin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra hizkuntzalariak; Diego Garate, Belen Bengoetxea eta Mertxe Urteaga arkeologoak, Neskuts Izagirre antropologoa; Antonio Breschi musikaria, Hiromi Yoshida irakaslea eta Jose Angel Irigarai kulturgilea.

Xamarren liburua abiapuntu

Elkarrizketatu duten pertsonen izaera, edo lan eremuak, dakar lanaren zabaltasunaren adibidea. Abiapuntua Xamarrek 2006an Pamiela etxean argitaratu zuen ‘Euskara Jendea’ lanean jarri dute, «euskaldunon hiztun komunitatearen historiaren ildo nagusiak» azaldu nahi dituztela diote eta horiek publiko zabal bati aurkeztu. Elkarrizketez gain, dramatizazio txikiak ere gehitu dizkiote dokumental sortari eta historian esangura berezia izan duten txokoen irudiak ere badira.

Lan taldea Xamar berak, Mikel Arredondok, Hibai Castrok, Adur Larreak, Lutxo Egiak, Lon Fernandezek eta Maria Uriartek osatu dute, baina kolaboratzaile sare zabala izan dute inguruan. Webgunea abiatu dute, jada, eta lanaren inguruko informazio ugari eskaini dute bertan. Laster gazteleraz, frantsesez eta ingelesez ere eskaini nahi dute orain euskara hutsez eman duten informazioa.

LOTURAK