#BTXeuropeantour-ari amaiera idatzia NAIZeko blogean

Berri Txarrak taldeak azken posta idatzi du NAIZeko tourblogean, Europan zehar hogei kontzertutako biraren ondotik. 7.000 kilometrotako ibilaldi europarrari amaiera idatzia eman dio Gorka Urbizuk taldekideen izenean.

Naiz.info|Donostia|2012/12/18|0 iruzkin

Europako atea zeharkatu du azken asteetan Berri Txarrak talde nafarrak. Hogei kontzertu eta 7.000 kilometro bizkar gainean. Pauso bakoitza, NAIZeko tourblog berezian idatzia.

Bizipenak idatzita eskaini izan dizkigute hiru taldekideek sarearen bitartez eta amaiera ere idatzia egin dute. Okzitaniako Tolosan eman zioten amaiera #BTXeuropeantour-ari. Orain, idatziz ere bukatu dute NAIZeko ataritxoan azaroaren 26an abiatutako sareko bidaia.

‘Toulouse, to win’, dio Gorka Urbizuk azken agurrean, memoriaren sokari apur bat eraginez.



Askorako eman dezake hiru asteko bira batek, are gehiago Europa bezala, kilometro gutxian horrenbeste aldatzen den eremu geografiko batean. Indartsu hasi zuten bira Andorran, «astelehen gaua zen eta mendiz inguratutako areto bat lehertu genuen gure kantuekin», zioen Urbizuk lehen kontzertuaren ostean. Apur bat ustekabean Andorrakoa, ez Berlinekoa. Beastie Boys-en ‘Rock the sure shot’ zitarekin ireki zuen Urbizuk Berlingo posta, bazekien zer zetorren: «giro beroa eta ikusleen orroak entzuten dira kamerinoetatik. Bagoaz. Berlin, sure shot».

Denak ez dira horrela izan, Tabor-en «bederatzi ikusle gehi gu: hamabi, matematikak errazak dira zenbaitetan» zioen Urbizuk, baina «bikain» pasata, hori bai. Bidaia luzea egin zitzaien taldekideei Tabor artekoa, eta ez da bakarra izan; elurra eta hotza bidelagun izan baitute hainbatetan. 

Leku ederrak ikusi dituzte batean eta bestean, egoera ekonomikoa dela eta protestak ere bai, herrimina sentiarazi dieten leku ederrak, Esloveniako Fríûl-eko mendizerra kasu, eta Genovan bezala, «ezkutuan geratzen dena dela benetan inportantea» erakusten dizuten lekuak.

«Fender 1 - Gibson 0», gitarraren sokak apurtu eta ia kontzertua amaitu ezinda izan zirela Udinen kontatu digu Urbizuk, Lyonen hasieran ahotsak kale egin ziola eta Bolonian, Kortaturen ‘Zu atrapatu arte’ abestuz aritu zirela Galder eta Gorka Banda Bassottikoekin batera.

LOTURAK