Informazioa, zehaztasunez, NAIZeko webgune berezietan

Euskal Herriko aro politiko berria, kirol ekintza nagusiak eta kultura alorreko gertakari esanguratsuenen informazio zehatza biltzen dute NAIZeko webgune bereziek. Guztiak batera hemen kontsulta daitezke.

Naiz.info |Donostia|2012/12/20
Bereziak
Webgune berezi guztiak, atari bakar batean bildu ditugu. (NAIZ.INFO)

NAIZek sei hilabete eman ditu sarean, informazioaren sarean, Euskal Herriko zein nazioarteko gertakari nagusienengan begirada finkatuta. Sei hilabetetan gertatutako hianbat jazoeren lekuko izan da, eta horiekin batera, gure historia laburrean izandako albiste nagusienak ere berreskuratu ditu. Zehaztapenez informatzea izan da helburua gertakari nagusienez hitz egiterakoan, eta horiek webgune berezietan bilduta geratu dira.

Euskal Herriak aro politiko berria bizi du, Aieteko Konferentziatik abiatu eta ETAren adierazpen historikoarekin jarraipena izan zuena. Orduztik, euskal politika garai berri batean murgildu da, eta zehaztapen osoz biltzen ditu ‘Nuevo tiempo en Euskal Herria’ webgune bereziak egungo lerro politikoen inguruko gorabeherak.

Puntu horretara iritsi aurretik, ordea, euskal politikagintzak hainbat aurrekari izan zituen. ‘Denboraren lerroa’k 2004ko Anoetako proposamenetik egungo aro politikora ekarri gaituzten hainbat giltzarri biltzen ditu, baita mugimendu independentistaren inguruan jazotako hainbat gertakari ere; atxiloketak, auziperatzeak, ilegalizazioak, debekuak, agiriak, bideoak...

Urriaren 21ean EAEko hauteskundeetan jarri genuen begirada. Begirada zorrotza batzuetan, analitikoa besteetan, eta informatiboa gehienetan. EH Bilduren emaitzak bildu genituen, alderdi espainolisten beherakada, eta Iñigo Urkulluk jasotako babesa. Baita horren guztiaren inguruko kanpaina ere. Gertakari guztiak bildu genituen EAEko bozen atari berezian.

Tourblog bereziak, sanferminak, Zinemaldia...

Kulturak ere eman du zeresana azken hilabeteetan. Berri Txarrak taldearen tourbloga estreinatu genuen orain gutxi, arrakasta itzela izan duen webgune berezia, Europan zehar ibli den talde Nafarrak espreski elikatutakoa. Eta Europatik Kubara jauzi egin dugu aste honetan bertan, Itziarren Semeak taldearekin batera. ‘Dale Candela!’, esaten dute, eta NAIZek bere egin du haien leloa. Egurra darie euskal doinuei Karibe aldetik.

Urrun dagoela dirudien arren, Donostia 2016 hiriburutzak ere badu bere atari propioa, aurrekari garrantzitsuenak jasotzen dituena.

Donostiako Zinemaldiaz zer esan. Argazki, bideo, blog eta artikuluez blai izan da aurten zazpigarren arteak Gipuzkoako hiriburuarekin duen zitaren jarraipena.

Sanferminetan ere izan ginen, ikuspegi informalago bati leihoa irekita.

Eta kirolak. Kiroletan apostu berezia egin du NAIZek. Euskal kirolariekin izan ginen Londresen, haien garaipenen eta porroten lekuko. Euskal ikuspegitik begiratu genien Olinpiar Jokoei pasa den udan.

Nazioarteko lehiak ere izan ditugu geurean. Tourra eta Vuelta txirrindularitzan, Eurokopa futbolean eta 1 Formula motorrean.

Eta noski, ezin ahaztu futbola. Euskal talde guztien jarraipen zehatza, partidak, emaitzak, estatistikak, albisteak...

Azkenik saskibaloia. Saskia ACB ligan, saskia Europan, saskia Kopan...

Etorkizuneko zita berriek berriro eramango gaituzte zehaztasunera, berriro informazio zuzenetara, webgune berezien bidezko atal espezifikoagoetara. Sei hilabetetan lortutako emaitzak dira azaldutakoak. Zerrenda luzatzeaz arduratuko gara aurrerantzean.