NAIZ.INFO
DONOSTIA

Donostiako Udalak harrera egin dio Boliviako futbol selekzioari

Harrera ofiziala egin dio Donostiako Udalak Boliviako futbol selekzioari Alderdi Ederren. Bertan, futbolariez gain, kirol eremuko hainbat ordezkari izan dira. Neurketa futbol partida soil bat baino zerbait gehiago dela aldarrikatu dute.

Irudian, Juan Carlos Izagirre Donostiako alkatea eta Boliviako selekzioko ordezkari bat. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Irudian, Juan Carlos Izagirre Donostiako alkatea eta Boliviako selekzioko ordezkari bat. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Juan Karlos Izagirre alkatea buru, harrera ofiziala egin dio Donostiako Udalak Boliviako futbol selekzioari. Ekitaldia Alderdi Ederren izan da eta Izagirrek ongi etorria eman die futbolariei. 30 jokalariez gain, bertako federazioko lehendakariordea den Jorge Justiniano, Xabier Azkargorta entrenatzailea eta FIFAko bitartekari bat ere bertan izan dira.

Harreraren ondotik udalbatza aretoan egin den ekitaldian hiriko alkateak eta Euskadiko Federazioko lehendakariorde den Jon Ander Ganboak partida kirol eremutik haratago doala azpimarratu dute, izan ere, «loturak estutzeko, elkartasuna sustatzeko eta baloreak zabaltzeko lagungarri» izango dela uste dute.

Era berean, Izagirrek partida honek nazio bat aldarrikatzeko ere balio behar duela adierazi du.

Ekimenarekin amaitzeko, Justinianok Boliviako selekzioko kamiseta bat oparitu dio Izagirreri, honek, aldiz, Kontxako banderaren irudi bat eman dio.