NAIZ.INFO
LA PAZ

Iberdrolaren lau filial espropiatu ditu Boliviako Gobernuak

Iberdrolak Bolivian dituen enpresen balioaren %83,5 osatzen dute gaur Evo Morales presidenteak nazionalizatzeko agindu dituen lau filialek. Aurrerantzean Estatuaren jabetzakoa den Ende-ren eskutan geratuko da hauen kudeaketa. Neurria landa eremuko herritarren elektrizitaterako eskubidea berma dadin hartu duela azaldu du Moralesek.

Poliziak betearazi du Moralesen nazionalizazio agindua. (Jorge Bernal / AFP)
Poliziak betearazi du Moralesen nazionalizazio agindua. (Jorge Bernal / AFP)

Evo Morales Boliviako presidenteak gaur goizean agindu du Iberdrolaren filialak diren lau enpresen nazionalizazioa. Guztira Iberdrolak Bolivian dituen akzioen %83,5 osatzen dute lau enpresa hauek (Electropaz, Elfeo, Edeser eta inbertsioen kudeatzaile bat dira nazionalitatutakoak) eta enpresaren ondasunen %0,2 (2011n irabazi zituen 2.804 milioietatik 6 milioi euro inguru).

Boliviako Gobernuak landa eremuan bizi direnen elektrizitaterako eskubidea berma dadin hartu duela neurria adierazi du. Izan ere, hiriguneetako tarifa ia hirukoiztu egiten da landa eremuetan. Hemendik aurrera Estatuaren jabetzakoa den ENDE-ren eskutan izango da hauen kudeaketa. Landa eremuetan berehalako eragina izango du erabakiak, Hortensia Jimenez Elektrizitate gaietarako ministro ordeak iragarri du %50 beheratuko dituztela prezioak.

Moralesek gaur publiko egin duen lege dekretuan lau enpresetako langileen baldintzak mantenduko direla dio; ez, ordea, zuzendaritzako edo konfiantzazko karguena. Konstituzioko 28. eta 378. artikuluak oinarri hartuta erabaki du Moralesen gobernuak espropiazioa. Horien arabera, energiari lotutako ekoizpen kateak ez du zertan interes pribatuei loturik egon.

Kalteordaina eta kritikak

Behin erabakia hartuta Polizia eta Ejerzitoa joan dira lau enpresetako eraikinetara nazionalizazioa betetzera. Eurekin La Paz hiriburuan Alvaro García Linera presidente ordea izan da. Iberdrolari «dagokion kalteordaina» ordainduko diotela adierazi du eta erabakia legearen araberakoa dela berretsi du, «Konstituzioa betetzen ari gara, oinarrizko zerbitzuen banaketa parekoa ziurtatzen».

Ez dute iritzi bera oposizioko taldeek eta Boliviako enpresarien elkarte nagusiek. Hauen ustez «ez da justua» erabakia. Convergencia Nacional (CN) alderdi kontserbadoreko Centa Rek-ek berri agentziei esan die «Gobernuan orain hilabete ezagutu zen ustelkeria kasua» estaltzeko baliatu nahi du Moralesek erabakia. CN alderdiak dioen kasua hainbat espetxe funtzionariok presoei egiten zieten ustezko txantaia kasua da, auzi horregatik hainbat pertsona espetxean dira, jada.

Iberdrolak oraindik ez duela jakinarazpen ofiziala jaso adierazi dio EFE agentziari, eta espropiatu dituzten enpresen «egizko balioa» ordainduko diotela espero duela.