Argia berriro Aieten

2011n ez bezala, albiste handirik gabe joan da 2012. urtea, gatazkaren konponbideari dagokionez. Baina horrek ez du esan nahi Aieteko argiak itzali direnik. Azpitik eta isilean egindako lan etengabeak bete gabe dauden lau puntuen garapena abiatu dezake 2013an, agian berandutu gabe.

Ramón Sola |Donostia|2012/12/31|0 iruzkin
111017_aiete
Nazioarteko buruzagiak, Aieteko jauregian, 2011ko urrian. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Abiadura ikaragarria hartua zuen konponbide prozesuak 2011. urtearen bukaeran eta orain bukatzear den 2012aren hasieran. Bi hilabete eskasetan, goi mailako hiru gertakari pilatu ziren, bata bestearen atzetik, kate bereko katebegiak zirelako. Aieteko Adierazpena, lehena: nazioarteko komunitateak inoiz baino ozenago adierazi zuen hamarkadetako gatazka konpontzen lagunduko zuela, eta ekitaldi berean, ibilbide orria eman zion aurretik gorpuzten ari zen aukerari. Bigarrenik, ETAk borroka armatua behin betiko uzteko hautua egin zuen, aurreko 50 urteetako agertokia guztiz aldaraziz. Eta hirugarrenik, urtarrilaren 7an Bilbon 110.000 lagun baino gehiago atera ziren kalera, inoiz Euskal Herrian egindako mobilizazio politikorik handiena sortuz, eta honekin herriaren konponbide nahiaren froga emanez.

Hori guztia dela-eta, duela urtebete inork gutxik pentsatuko zuen gaur bukatzen den 2012. honek ez zuela albiste berri handi gehiagorik ekarriko. Izatekotan, ekainaren 20koa baino ezin liteke sartu egun historiko haien zerrendan, egun horretan Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatu eta ilegalizazioaren aroaren bukaera markatu baitzuen (ondorio batzuk oraindik agerikoak diren arren, espetxeratze, epaiketa, debeku eta abarren bidez).

Baina albiste handirik gertatu ez izanak ez du esan nahi Aieteko argiak ezabatu direnik. Egokiagoa da onartzea tartetxo batean itzali egin direla, baina sukaldeko lanak jarraitu egin duela ibilbide orri horren barruan -kamera eta mikrofonoetatik urrun-, argiak jende aurrean berriro pitz daitezen. Eta hori gehiegi luzatu gabe gerta daiteke hastear dagoen 2013. urte honetan.

Honekin batera, alde agerikoan lau puntu horiek garatzen hasteko baldintza berriak sortzeko urtea izan da 2012koa, urrats txikien bidez, askotan oharkabean igarotakoak. Hor dago, esaterako, ETAk egindako azken posizionamendua, elkarrizketarako edukiak zehazten dituena. Hor dago ere Ipar Euskal Herrian alderdi guztien artean sortutako ikuspegi komuna, Aieteren aldekoa. Hor dago ilegalizazioa gainditu ondorengo ordezkaritza instituzionalaren normaltzea, elkarrizketa politikoari ateak irekitzen dizkiona. Hor dira berradiskidetzearen arloan etengabe egiten ari diren aurrerapausoak. Eta hor dago nazioarteko komunitatearen prestasunaren berrestea, tresna berriak sorrarazi dituela, gatazka eta gerra odoltsu askotan ibilitako mundu zabaleko adituek osatutako Nazioarteko Egiaztatze Batzordea kasu.

Prozesuaren unea eta bideragarritasuna egiaztatu ahal izateko, 2011ko urriaren 17 hartan zehaztu ziren bost puntuak zer neurritan bete diren erreparatzea komeni da, bostek osatzen baitute konponbidearen eskema osoa. Begi bistakoa da oraindik ere zerrenda horretatik lehena baino ezin dela ezabatu, alegia, hau zioena: «ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko». Gogora ditzagun, beraz, bete gabeko gainerako laurak, banan-banan:

2.- Adierazpen hori egingo balitz, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei, baiezkoa eman eta gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko.

Gobernu espainolak ez du aurten bere posizioa milimetro bakar bat ere mugitu: ez duela hitz egiteko asmorik errepikatu du behin eta berriro. Mezu berari heldu dio Gobernu frantsesak, baina hau ez da berez kezkagarria, Madrilek egingo duena berak ere egingo duela aski esana eta frogatua du-eta.

ETAren azkeneko agiriak, aldiz, gero eta ahulago egiten du estatuen jarrera hori. Estreinakoz, «gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketa» horri begirako agenda zehatza jarri du mahai gainean, «teknikoa» nahi bada, egingarria zalantzarik gabe. Hainbat helburu eta ohar erantsita, hiru puntutan laburbiltzen da erakundearen proposamena: «Euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxeratzeko epeak eta formulak; ETAren armagabetzearen, egitura armatuen desegitearen eta militanteen desmobilizatzearen epeak eta formulak; eta Euskal Herriaren desmilitarizaziorako urratsak eta epeak, Euskal Herrian dauden indar armatuak konfrontazio amaierara egokituz». Biktimen auzia ere sartzeko prest ageri da ETA, «agenda hau gainditzen» duen gaia dela uste duen arren. Ez-ikusiarena eta ez-entzunarena egin dute Madrilek zein Parisek, publikoki behintzat, baina ezin izan dute ukatu inoiz ETAk aurrean jarri dien proposamen gauzagarriena eta helduena dela honakoa.

Bitartean, EPPK-k urrats erabakiorrak emateko unea dela esan berri du, eta kanpoan dituen mintzakideek horretarako bilerak egin dituzte alderdi eta sindikatuekin. Gasteizko Legebiltzar ere zeregina beharko du.

3.- Zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendotzeko lagungarria delako, eginiko minaren aitorpena, biktima guztien aitortza eta berauen laguntza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak eman daitezen eskatzen dugu.

Gai potoloa da Aieteko hirugarren puntuak marraztutakoa, mina ikaragarri zabala eta biktimak oso ugariak izan diren neurrian. Ondorioz, nekez definitu daiteke berau konpontzeko esparru bakar bat. Esan bezala, ETAren ustez, «askotariko eremuetatik landu behar den eta askotariko ekimenak eskatzen dituen» gaia da. Sakabanatuta bada ere, ekimen asko ari dira azaleratzen, gero eta maizago. Beste batzuk maila pribatuan gertatzen ari dira. Harridura handia sortu zuen, esaterako, ekainean agerrarazitako Glencree ekimenak (egun eta ekitaldi berean bukatutzat eman zena): lau urte eta erdiz, gatazka armatuaren urte gogorrenetatik beraz, bi aldeetako biktimek topaketak egin zituzten, iraganeko beren esperientziak trukatu eta etorkizunerako adostasunak bilatze aldera.

Biktima guztien aitortzaren inguruan aurrerapauso nabariak eman dira aurten. Horren isla dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan lehenik eta Donostiako Udalean gero talde guztiek batera egindako ekitaldiak. Lakuako Gobernuak Estatuko bortizkeriak eragindako biktimak onartzeari ekin dio (Txiki eta Otaegi izenak nabarmendu dira lehenengo ekitaldi horretan). Estatu espainolak ez du oraindik bere ardura onartu, ezta biktima horiek existitzen direnik aintzat hartu ere egin. Ezker abertzaleak, bai; bere ekinbide politikoan ETAk eragindako biktimei min erantsia eragin izan badie, barkamena eskatu zuen Arnaldo Otegik, eta mezu bera eman zuen Pernando Barrenak Bartzelonan, Ernest Lluch gogoratzeko ekitaldi batean.

Norabide beretik beste aurrerapen batzuk etorriko direla, segur aski gero eta errazago, argi ikusten da. Horren gainean eragingo du Gasteizko Legebiltzarrean iaz abiatu zen Bake eta Elkarbizitzarako Lan Taldeak. EH Bilduk parte hartuko duela baieztatu du, baina Egia eta Berradiskidetzearen lan taldea ere sortzea proposatu du, indarkeria jasan eta jasaten duten pertsonak bertan agertu eta beren lekukotasuna eman dezaten. Egia osoa ezagut dadin ere lan handia egiten ari dira arlo politikotik kanpo, Euskal Memoria Fundazioa da horren adibide.

4.- Gure esperientziak azaltzen digunez, askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zerikusi dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako. Gure esperientziak azpimarratzen duenez, hirugarren parte hartzaileek, begira- leek edota laguntzaileek, elkarrizketa bideratzen laguntzen dute. Hemen ere, gatazkarekin zerikusirik duten parteek horrela erabakiko balute, elkarrizketa nazioarteko laguntzaileen bidez ere bidera liteke.

Aieteko laugarren puntuak egiaztatu zuen gatazka konpontzea ez zela soilik prozesu teknikoa izango, politikoa baizik. Baina honen garapena blokeatuta egon da. Batetik, aurreko puntuetan aurrerapenik ez zegoelako; bestetik, ilegalizazioak oraindik hainbat erakunderen osaketa faltsutua zuelako; eta azkenik, urrian egindako Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak bitartean blokeatu egin zelako elkarrizketa.

Arazo hauetako gehienak gainditzeko balio izan du 2012. urte honek, eta 2013an dagoeneko aitzakiarik gabe ekin beharko zaio 2007. urtean bortizki moztutako elkarrizketa politikoari. Non, nola eta noiz adostu behar da, eta ez da erraza izango, EAJk prozesu hori Gasteizko Legebiltzarrera mugatu nahi du-eta.

Nazioarteko Harreman Taldeak (GIC, gaztelaniaz) hau guztia errazteko eragingo du. Aurten hainbat bilera egin ditu alderdi gehienekin, aditu hauen hizkeran talks about talks (elkarrizketari buruzko elkarrizketak) deritzon fase horretan.

Duda izpirik gabe, elkarrizketa politiko hori abiatzeko urtea behar du izan 2013ak, ortzimugan hauteskunde lehiarik ez delako batetik, eta Eskozia, Katalunia eta abarren aurrerakadaren bultzada ez galtzeko, bestetik.

Aieteko laugarren puntuak herri galdeketaren komenigarritasunari egin zion aipamena ere gogora ekartzekoa da, nazioartean dauden haize berriek indartzen dutelako aukera hori.

5.- Errekomendazio hauen bideratzea aztertzeko Jarraipen Batzordea eratzeko prestutasuna adierazten dugu.

Lehenengo puntua benetan bete zen lehena izan bazen ere, bosgarrena bigarrena izan liteke. Duela hilabete Aieteko Adierazpenaren eragile nagusi izan zen Jonathan Powellek Donostiara egindako bisitan aurreratu zuenez, Jarraipen Batzorde hori osatzeko proposatuko die Aieteko agintariei. Talde txikia izango litzateke, baina garrantzi handikoa gainerako puntuak desblokeatzen hasteari begira. Erabaki honekin antzeman daiteke Gobernu espainolaren jokabide itxiak denbora-muga baduela nazioarteko agintarien begietara, eta hamalau hilabete gehiegitxo direla hain urrats gutxitarako.

Adierazgarria da ikustea Madril eta Parisen zain egon gabe bere posizioak hartu dituela nazioarteko komunitateak. Aipatutako Egiaztatze Batzordea zain dago; maiatzean adierazi zuenez, Gobernu espainolak apirilean aurkeztutako presoen Birgizarteratze Plana «jarraipena beharko duen lehen urrats bat» baino ez zen. Uztailean, Estrasburgoko Auzitegia izan zen esku hartu zuena, ‘Parot doktrina’ delakoa ilegaltzat hartuz. Sakoneko presio honek ere eragina beharko du izan aurten.

LOTURAK