Naiz.info
Errenteria

Errenteriako Lekuona okindegi zaharra dantzarako sorkuntza zentro bilakatuko da

Gaur egun hutsik dagoen eraikinean dantzarako sorkuntza zentro berria sortuko dute 2015ean.

Lekuona okindegia zaharberrituko da dantzarako sorkuntza zentroa sortzeko. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Lekuona okindegia zaharberrituko da dantzarako sorkuntza zentroa sortzeko. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Lekuona okindegi zaharra kultura, dantza eta sorkuntza zentro bilakatuko da 2015 urterako. Hala adierazi dute Ikerne Badiola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak eta Julen Mendoza, Errenteriako alkateak.

Errenteriako udalarena den eraikin honetara eramango da Gipuzkoako Foru Aldundiak Artelekun duen dantzarako duen baliabide zentroa, Dantzagunea, eta sorkuntzarako espazioak ere izango ditu, bereziki dantza, arte eszenikoak eta gorputz espresioa lantzeko.

Badiolaren esanetan proiektuak gaur egun Dantzagunean eskaintzen diren zerbitzuak eta baliabideak «indartu eta zabalduko dira handiagoa den eta hobeto komunikatuta dagoen espazio batera eramanaz».

Errenteriako Udalak 800.000 euro bideratuko ditu 2013ko aurrekontutik erakina zaharberritu eta egokitzeko. Lanak urte honetan hasiko dira, baina lehenago prozesu parte-hartzailea egingo da hiritarrekin eta kultur eragileekin erabilera aldetik behar zehatzak definitzeko eta proiektu kulturala zehazteko.

Eraikina 2015 urterako amaitzea espero da eta lanek irauten duten bitartean Niessen eraikinean espazioak egokituko dira. 200.000 euro bideratuko ditu horretarako Errenteriako Udalak eta beste hainbeste Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bertan kokatuko da Dantzagunea probisionalki Lekuona amaitu arte.