Eskubideen aldeko kolore, hitz eta doinuen eztanda, larunbateko manifestazioaren aurrekari

Langile, musikari, politikari, kirolari, feminista, gazte, ikasle, herritar eta planetako hainbat puntutako lagun... Pixkanaka-pixkanaka Herriraren manifestazioa atxikimendu anitz biltzen joan da, euskarri eta forma ezberdinetakoak. «urtarrilak12.com» webgunea lagin ederra da. Eskubideen aldeko kolore, hitz eta doinu eztanda, larunbateko mobilizazioaren aurrekari.

Maider IANTZI|DONOSTIA|2013/01/10
20130110_gara
GARA eta NAIZeko langileek euren atxikimendua eman zioten Herrirak larunbat honetarako deitu duen manifestazioari. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Sarriren eta Josu Zabalaren abestitik hasita, mila gonbidapen biltzen ditu urtarrilak12.com-ek igerian, hegan, oinez, baita ametsetan ere Bilbora joateko. Deialdiek hainbat doinu dituzte: Berri Txarrak-ena, Gatillazorena, Doctor Deseoko Francisena, edota Des-kontrolena.

Arrasateko talde honetako kideek honela diote: «Ea jende asko biltzen den eta denen artean lortzen dugun etxera ekartzea. Kartzelan dagoen jende asko ezagutzen dugu, baita familiakoak ere, eta erantzun bat egon behar da, urtarrilaren 12an Bilbora joaten garenean herritarron hitza entzutea».

Habeas Corpuseko musikari madrildarrek, azaroaren 14ko greba orokorrean atxilotutako Alfon askatzeko eskatzearekin batera, hiri honen bertze ikuspuntu bat ematen dute bideoan: «Euskal Herrian, sarri harritu egiten da jendea Madriletik gurea bezalako diskurtsoekin etortzen garenean. Ikuspuntu ilogiko eta irreal samarra da. Madril zentralismoarekin, espainolismoarekin lotzen da, baina bagaude ideia erabat ezberdinak transmititzen tematuta gaudenak ere. Borrokatu eta eskubideak galdu dituen herria ere bada Madril, Alfon adibide».

Horregatik, beharrezko ikusten dituzten eskubideak exijitzen dituzte taldekide hauek, presoenak ez ezik maila guztietakoak. Eta argi dute gauza bat: «Errepresioa herrien borrokarako gaitasunaren neurrikoa izaten da».

Egunkari honen inprentako soinua, edo CAFeko trenena ere badute herri mobilizazioaren aldeko atxikimenduek. Eta Iruñeko tabernetako giroaren musika, Hiruko garraiolarien martxa... Hitzen doinua ere aldatzen da, armenieraz, txekieraz, danieraz, errusieraz, alemanez, italieraz, ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz irakur baitaiteke manifestua, hainbat herritako lagunek egindako itzulpenei esker.

Herrialde katalanetatik

Bideoak ere iritsi dira kanpotik: Eskoziatik, Argentinatik, Londresetik... eta bereziki Herrialde Katalanetatik. «Justiziagatik, elkartasunagatik eta partekatzen dugun askatasun desioagatik bat egiten dugu Herriraren deialdiarekin. Hamarkada bat baino gehiago da kataluniar gizartearen gehiengoak sakabanaketa, salbuespenezko politikak eta `Parot doktrinaren' gisako legeak bukatzea eskatzen duela», dio CUPeko David Fernandezek. ERCko Joan Tarda «bakearen eta giza eskubideen alde» egitera etorriko da manifestaziora, «Euskal Herriak bakean bizitzea merezi eta exijitzen duelako».

Gurean, luzea da ekarpena egin duten herrien zerrenda. Batzuk aipatzearren, Iruñean zortzi orduko elkarretaratzea egin dute, Azpeitian mosaiko erraldoia marraztu eta Lekeition futbol partida berezia jokatu futbolari ohiek -Eva Ferreira eta Endika Guarrotxena tartean- eta Herrirako kideek.

«Denbora» dokumental laburrak 20.000 sarreratik goiti izan ditu eta Durangoko lipdubak 50.000 ikustaldi baino gehiago bi egunetan. Baina ekimenak ez dira hor bukatzen. Ekinklik Argazkiak taldeak bi estudio muntatuko ditu larunbatean Bilbon, «1000aurpegi» egitasmoa gauzatzeko, bat Areatzan 12.00etatik 17.00etara, eta bertzea mobilizazioa bukatzean, udaletxe ondoan. «Sakabanaketak mila aurpegi dauzka. Sufritzen duten mila aurpegi.

Baina badauka beste aurpegi bat ere; «gure larruan sufritu gabe behin betiko amaitzea nahi dugunona, senide eta lagunekin batera dispertsioa izen eta zenbakien zerrenda huts bat izan ez dadin aurpegia ematen dugunona». Lagun horiek gonbidatu dituzte, eskaera hori egiten duen gizartea aurpegia duten gizon eta emakumeek osatzen dutela erakusteko.