NAIZ.INFO
DONOSTIA

«Bakearen etsaiak» euren lubakitik mugiarazi behar direla aldarrikatu du ezker abertzaleak

Pasa den larunbateko manifestazioaren balorazioa egin du ezker abertzaleak eta bertan «bakearen etsaiak» euren lubakitik atera behar direla aldarrikatu dute. Horretarako, mobilizazioetan parte hartzen jarraitzeko deia egin diote euskal gizarteari.

Bilboko manifestazioan hartutako irudi bat. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Bilboko manifestazioan hartutako irudi bat. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Pasa den larunbatean Bilbon euskal preso eta iheslarien eskubideen alde egin zen manifestazioaren balorazioa egin dute Donostian Pernando Barrena eta Marian Beitialarrangoitia ezker abertzaleko kideek.

Euskal Herrian «inoiz» egin den mobilizaziorik jendetsuenetakoa izan zela esan dute eta giza eskubideen, irtenbidearen eta bakearen aldarriak Bilboko kaleak bete zituela aldarriaktu dute.

Euskal jendarteak «bere» egiten duen eskari baten ohiartzuna izan zela esan dute eta Madril eta Parisko gobernuei «kartzela politika kriminalak dakarren eskubide urraketa» bakearen aurkako «arma» modura erabiltzeari uzteko eskatu diote.

Ildo horretan, PPk darabilen politika «kriminala» dela esan dute eta «mendeku eta basakeria hutsetik» jarduteari uzteko exijitu diote Basagoitiri.

Larunbateko manifestazioak «zeudenen eta ez zeudenen» argazkia erakutsi zuela azaldu dute eta Euskal Herri osotik bildutako sindikatu, elkarte eta alderdietako ordezkaritza azpimarragarria izan zela esan dute. Nazioarte mailan ere izan zuen ohiartzuna goraipatu dute.

Preso eta iheslarien itzulera helburu ez izatea egotzi dio ezker abertzaleak Urkulluri eta afera honetan dituen asmoen berri era publiko batean emateko eskatu dio. «Urkulluk saldu nahi digun diskrezioa PPrentzat ongarria besterik ez da, bere blokeo egoeran jarraitzeko hazia», salatu dute.

Lopezi, aldiz, presoen afera ezker abertzalearen arazo soil bat bezala planteatzea egotzi diote eta arazoa konpontzeko «inolako borondaterik» ez duela erakusten salatu dute.

Egoera hau izanik, irtenbidearen aldeko prozesuan aurrera egitea, PPren blokeo egoera gainditzea eta espetxe politika kriminalarekin amaitzea «urgentziako» kontuan direla azaldu dute.

Horrenbestez, «bakearen etsaiak» euren lubakitik mugiarazi behar direla aldarrikatu dute eta euskal jendarteari mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diote.