Azalpenak emateko eskatu dio Amaiurrek Rajoyri, Barcenas kasua «eskandalu larria» delako

Amaiurko diputatu Xabier Mikel Errekondok Barcenas kasua «korrupzio afera» dela iritzi dio, eta horri buruzko azalpenak emateko eskatu dio Gobernu espainoleko presidente Mariano Rajoyri. «Erantzukizun politikoak» hartzeko beharraz mintzatu da eta «eskandalu larria» argitzeko eskatu du.

Naiz.info |Bilbo|2013/01/21

Agerraldia eskaini du Bilbon Amaiurrek azken egunetan argitara eman diren «gertaera kezkagarrien» inguruko balorazioa egiteko.

PPren baitan Barcenas kasuak sortutako harrabotsaz mintzatu da Errekondo eta azken denboretan gertatu diren korrupzio kasuetan beste bat gehiago dela esan du.

Gertatutakoa eredu sozioekonomikoaren ondorioetako bat dela nabarmendu du eta bere iritziz, «inork ez duu sinesten» PPk horren inguruko ezer ez dakienik. «Korrupzio kasu argia da eta ardura politikoak hartu behar dira», esan du.

Bere aburuz, «argi dago kasu honetan erantzukizun politikoak daudela».

Errekondok Jorge Trias Sagnier PPko diputatu ohiak onartutakoa gogorarazi du, hots, PPko hainbat zuzendarik 10.000 eurotako ordainsariak jasotzen zituztela, beren soldatez aparte. Egoera horretan, azalpenak ematea beharrezkotzat jo du gertatutakoa argitze aldera.

Amaiurrek Madrilgo Kongresuan hainbat iniziatiba abiaraziko dituela jakinarazi du eta, behar izanez gero, baita Senatuan ere.

«Erantzule direnen» agerraldiak eskatuko ditu koalizio independentistak, gizartearen aurrean ager dezaten «gertatutakoaren egoera erreala zein izan den».

Gobernu espainoleko presidente Mariano Rajoyk eman beharko lituzke azalpenak, Errekondoren iduriko. «Korrupzio susmo txikienaren aurrean» egoera argitzeko ardura hartu beharko luke, «beste eratako irakurketarik egon ez dadin».

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK