Naiz.info
Washington

Kapitolioaren aurrean errepikatuko du karguaren zina Barack Obamak

Etxe Zurian egin zuen atzo Barack Obamak bere karguaren zina. Gaurkoan, publikoki errepikatuko du Kapitolioaren aurrean. Washingtonen 800.000 lagun biltzea espero da.

Obamaren karguaren zinerako prestaketa lanak, Kapitolioan. (Saul LOEB/AFP)
Obamaren karguaren zinerako prestaketa lanak, Kapitolioan. (Saul LOEB/AFP)

Barack Obama AEBetako presidenteak zina gaur bertan errepikatuko du, jendaurrean, Kapitolioaren aurrean. Bi ekitaldietan, atzokoan zein gaurkoan, Obamak John Roberts Auzitegi Goreneko presidentearen aurrean egingo du AEBetako presidente karguaren zina.

Gaurko ekitaldian, Washingtonen, Obama presidentearen hitzaldia entzuteko 800.000 pertsona inguru biltzea espero dute Etxe Zurikoek. 2009an 1,8 milioi pertsona bildu ziren, baina kontuan hartu behar da orain lau urte presidente berriaren lehen agintaldiari eman zitzaiola hasiera, eta AEBetan horrelakoetan bigarren agintal- diari hasiera emateko baino askoz ere jende gehiago elkartzen da. Gaurko aurreikusten den kopuruak tankerako ekitaldien markak hautsiko ditu.

Obamak karguaren zina egin zuen atzo eguerdian Etxe Zurian, bigarren legegintzaldiaren hasiera ospatzeko egindako ekitaldian. Michelle emaztea eta bi alabak ondoan zituen presidente beltzak. Emaztearen familiak duen Biblia bat erabili zuten ekitaldirako. John Roberts Auzitegi Goreneko presidentearen aurrean egin zuen karguaren zina.

Oso ekitaldi laburra izan zen, minutu bateko iraupena izan baitzuen, eta telebista kateek eskaini zizkieten bertako irudiak estatubatuarrei. Amaitzean, emazteari eta bi alabei musu eman zien presidenteak. «Lortu dut!», esan zion Obamak Sasha alaba gazteenari, irribarrez.

Joe Biden AEBetako presidenteordeak karguaren zina lau ordu lehenago egin zuen, goizean, Barack Obamarekin batera beteko duen bigarren legegintzaldirako. Zina Sonia Sotomayor Justizia Auzitegi Goreneko epailearen aurrean egin zuen.