Elurrak arazo ugari sortu ditu egunean zehar

Arazo gehien Arabako bigarren mailako errepide sarean eragin ditu elurrak. Herrera, Opakua eta Orduña itxita egon dira eta beste askotan kateen erabilera beharrezkoa izan da. Sare nagusitan ez da egon arazorik.

Naiz.info |Donostia|2013/01/23
La_foto
Gorriti, guztiz elurtuta. (Joseba SALBADOR)

Elur denboralea iritsi da Euskal Herrira eta, ohi bezala, errepideetan sortu dira arazoi nagusienak.

Arabari dagokionez, Azazetan kateen erabilera behar izan da, baina mendatea itxita egon da kamioi eta ibilgailu pisutsuentzat. Egoera berbera errepikatzen da Bernedon.

Barrerillan, Kurtzetan eta Zaldiaranen kateak beharrezkoak izan dira ibilgailu guztientzat eta Herrera, Opakua eta Orduña erabat itxita egon dira.

Bizkaian ere izan da arazorik, baina ez Araban bezain beste. Diman eta Urkiolan sortu dira arazo nagusienak. Bietan beharrezkoak izan dira kateak.

Gipuzkoan, Elosuan ere kateak behar izan dira eta Gatzagako mendatea itxita egon da.

Nafarroari begira, Izaban okertu da gehien egoera, NA-137 errepidea itxita egon baita. Iratiko eta Zaraitzuko NA-2012 eta NA-2011 errepideak ere itxita daude azken egunetan, neguko plana dela-eta.

Errepide sare nagusian ez da egon aparteko arazorik baina Lakuako eta Iruñeko Gobernuek kontuz gidatzeko gomendatu dute.

Eguraldiari dagokionez, depresio guneak modu txarrean kokaturik, bete-betean harrapatuko gaituzte trumoizko zaparradek. Kostaldean barreiatuz elurraren kota behe samarrean eta txingor zaparradak noiznahi izango dira. Goi geruzetan hotz tantoa eta haize zurrunbiloak beheetan. Panorama txarra beraz. Hirurehun metrotik gora elurra egingo du. Negu giro petrala oro har, baina hegoaldean leunxeago.

Itsasoan mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da 6ko indarrarekin. Itsaso zakarra eragingo du, oso zakarreko guneekin. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4-5 m inguruko olatuak altxatuko ditu.

Kazkabarrak istripua eragin du Urnietan

Kazkabarrak 13 autoren arteko istripua eragin du A-15ean, Urnieta parean. Ezbeharrean lau lagun zauritu dira.

Errail bat itxi dute Astigarragako noranzkoan eta auto-ilara luzeak izan dira goizeko lehen orduan.