NAIZ.INFO
DONOSTIA

Herrira eta ezker abertzaleak hiru euskal preso politikori ‘Parot doktrina’ aplikatzea salatu dute

Jesus Mari Zabarte, Xabin Usandizaga eta Andoni Cabello euskal preso politikoei ‘Parot doktrina’ aplikatu izana salatu dute Herrira eta ezker abertzaleak. Giza eskubideak urratu izana salatu du Herrirak eta herri mobilizaziora deitu du ezker abertzaleak.

Prentsara igorritako mezu baten bidez salatu du Herrira mugimenduak Jesus Mari Zabarte, Xabin Usandizaga eta Andoni Cabello euskal preso politikoei ‘Parot doktrina’ aplikatu izana. Mugimenduaren arabera, Estatu espainiarrak «giza eskubideak urratzen» jarraitzen du.

Ildo horretan, Europako Giza Eskubideen Epaitegiak Ines del Rioren kasuan eman zuen epaia ez errespetatu izana egotzi dio Rajoyren gobernuari eta pasa den urtarrilaren 12an Bilbon izan zen manifestazioa kontuan hartzeko eskatu dio.

Bestalde, herri mobilizaziora deitu du ezker abertzaleak «bakearen etsaiak euren lubakitik ateratzeko». Gatazkaren soluzioa «saboteatzea» egotzi dio PPri eta hamarnaka hildako utzi dituen «mendeku politikarekin» jarraitzea leporatu dio.

Horregatik, urtarrilaren 12ko manifestazioa gogoratu du honek ere eta euskal gizartearen gehiengo baten nahiari erantzuteko eskatu dio Rajoy eta Basagoitiri.