NAIZ.INFO
DONOSTIA

Antolaketa eta funtzionamendu eredua eztabaidatuko dute larunbateko batzarretan

6.000 lagun inguruk parte hartu dute Sorturen eratze prozesuaren baitan orain arte egin diren batzarretan. Parte-hartzaileen erdiak baino gehiagok 35 urte baino gutxiago zituen. Larunbat honetan antolakuntza eredua eztabaidatuko dute.

Hasier Arraiz eta Joseba Alvarezek eman dute Sorturen prozesuaren berri. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Hasier Arraiz eta Joseba Alvarezek eman dute Sorturen prozesuaren berri. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Joseba Alvarez eta Hasier Arraiz ezker abertzaleko kideek azaldu dutenez, 6.000 lagun inguruk parte hartu dute udazkenean hasi zen Sortzaile prozesuan. Guztira 240 herri eta auzotan egin dira batzarrak eta parte-hartzaileen erdia baino gehiago 35 urtetik beherakoa zen.

Orain arte oinarri ideologikoen eta ildo politikoaren txostenak eztabaidatu dituzte. Lehenak 400 zuzenketa jaso ditu eta bigarrenak, 900. Guztiak Sorturen webgunean daude ikusgai.

Larunbat honetan, berriz, Sorturen antolaketa eta funtzionamendu eredua eztabaidatuko dute.

Alvarezek Donostian egin duen agerraldian esan duenez, egiturak zabaltzeko «apustu argia» egin dute, «euskal gizartearen baitan dauden borroka sozio politiko erreal nagusietan murgilduta dauden ezker abertzaleko militanteen presentzia zuzena gure zuzendaritza organoetan bermatuz».

Eskualdeei lehentasuna emango dietela ere aurreratu du, gai sozial eta ekonomikoen «alternatiba bideragarria» proposatzeko «markorik egokiena» dela uste baitute eta «gure bizitza gero eta gehiago eskualde mailan egituratzen baita maila guztietan».

«Barne bizitza organizatiboa» berritzea ere garrantzitsutzat jotzen dute, «horretan baitatza parte-hartze aktiboaren oinarria. Zeregin horretan Sorturen Sarea funtsezkoa izango dela nabarmendu du, ezker abertzaleko kide guztiak lotuko dituen «zilbor-heste erraldoia» osatuz.

Sorturen eratze prozesuan hurrengo urratsa otsailaren 16an izango da, orduan alderdian ardurak izango dituzten kideak hautatzeko barne hauteskundeak egingo dira. Otsailaren 23an, berriz, Sorturen lehen kongresua ospatuko da.