Ikasleen %20k soilik dute euskara lehen hizkuntza, baina ikasgelan %60k euskaraz egiten dute

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe guztietan –publikoak zein pribatuak, eta eredu guztietakoak– ikasleek hizkuntza nola erabiltzen duten neurtu dute Arrue proiektuan. LMHko 4. mailan (9-10 urte) eta DBH 2n (13-14 urte) egin dute ikerketa Lakuako Hezkuntza Sailak eta Soziolinguistika Klusterrak Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundearekin (ISEI-IVEI) elkarlanean.

Maider Iantzi|DONOSTIA|2013/01/25|Iruzkin 1
Euskara_erabilera
Arantza Aurrekoexea Hezkuntza sailburuordea, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordea, Ibon Usarralde Soziolinguistika klusterraren presidentea eta Estiñe Astorkia. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe guztietan –publikoak zein pribatuak, eta eredu guztietakoak– ikasleek hizkuntza nola erabiltzen duten neurtu dute Arrue proiektuan. LMHko 4. mailan (9-10 urte) eta DBH 2n (13-14 urte) egin dute ikerketa Lakuako Hezkuntza Sailak eta Soziolinguistika Klusterrak Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundearekin (ISEI-IVEI) elkarlanean.

Ondorioen aurrerapen bat egin dute gaur, heldu den ostegunean, Kursaalen eginen duten Soziolinguistika jardunaldian jorratuko dituztelako emaitzak gai monografiko gisa. Baina eman dituzte datu esanguratsu batzuk. Adibidez, ikasleen %20 edo 21ek soilik dute euskara lehen hizkuntza; neska-mutiko horiek berek, ordea, ikaskideekin gelan daudenean, %60k euskaraz egiten dute, euskaraz egiteko eremutzat hartzen dutelako ikasgela.

Gela barreneko joera aldatu ez ezik, irauli ere egiten da adin batetik bertzera: LMH4n gehiengoa euskaraz aritzen da lagunekin (%60 beti edo gehienetan) eta DBH2n, berriz, gaztelaniaz (%60 beti edo gehienetan). Jolaslekura ateratzen direnean ez dute berdin erabiltzen euskara. Beti edo gehienetan gaztelaniaz aritzen dira gehienak bi ikasmailetan, neurri ezberdinetan bada ere: 9-10 urteko gazteen %59 gaztelaniaz mintzatzen dira patioan, eta 13-14 urtekoen artean, lautik hiru.

Irakasleekin, joera nagusia euskaraz egitea da, bai gelan bai kanpoan. LMH4ko ikasleen %74 euskaraz zuzentzen zaizkie, eta DBH2koen artean, %61.

Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak eskolaren ekarpena nabarmendu dute aurkezpenean –«Hizkuntza biziberritzean aurrera egitea hezkuntzari zor zaio neurri handi batean», adierazi du Baztarrikak–, baina euskarak eskolatik kanpo bidelagunak behar dituela ohartarazi dute biek, erabilera esparru formaletatik ateratzea: ikasgelatik patiora eta handik gizarte hurbileko bizi girora.

Hizkuntza erabileraren errealitatea «oso konplexua» dela azaldu dute, faktore ugarik dutelako zerikusia eta faktoreen arteko elkarreragina ere handia delako. Errate baterako, haurrek etxean ikusten dutena egiten dutenez, euren artean euskaraz mintzatzea garrantzitsua dela jabetu behar dute gurasoek.

OSAGARRIAK
aaa