Euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak eskatu dituzte Usurbilen

AEK-k Korrika Kulturala abiatu du Usurbilen egun osoko egitarau batekin. Euskara ikasleak eta berbalagunak omendu dituzte eta euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak galdegin.

Naiz.info|Usurbil|2013/01/26
Arp_giz_23456350000016220
Euskara ikasleei omenaldia egin die Korrikak Usurbilen. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Ehunka lagun izan da gaur Usurbilen. AEKk Korrika Kulturala abiatu du bertan, euskara ikasleei eta berbalagunei egin zaien omenaldiarekin.

Euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsonak omendu eta protagonista bilakatzeko, Korrika 18k txotx erraldoia prestatu du, egun osora zabaltzen den egitarauaren baitan.

Ekitaldi nagusia, ordea, arratsaldean heldu da. Edurne Brouardek hartu du hitza lehenik eta behin AEKren eta Korrikaren izenean eskerrak emateko.

Korrikaren mezuaren haritik (Eman euskara elkarri!), euskara ikasleek elkarbizitzari egiten dioten ekarpena «oso handia» dela nabarmendu du. «Azken hamarkadetan euskarak 300.000 hiztun irabazi ditu eta horren erdia baino gehiago zuen aurretik euskaltegietan euskaldundu diren pertsonei esker izan da, eta etorkizun hurbilean kopuru hori handiagoa bada, egun euskaltegietan ikasten ari zaretenoi esker izango da», nabarmendu du.

Ildo horretatik, euskara ikasteko bideak zabaltzeko eta errazteko beharraz mintzatu da Brouard. «Bada garaia baliabideak jartzeko eta doakostasunean aurrerapausoak emateko. Horrexegatik, botere publikoei euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak ezar ditzaten eta doakotasunaren bidean aurrerapausoak emateko deia luzatzen diegu».

Herri bazkaria izan da Usurbilen eguerdian, eta musika eta kale animazioa izan dira nagusi egun osoan zehar. Gauean Esne Beltzaren kontzertua izango da.

LOTURAK