D ereduan ikasteak dauzkan abantailak nabarmendu dituzte hainbat eragilek

Aurrematrikulazio kanpainaren harira, Ikastolen Elkarteak, Nafarroako euskara teknikarien lanbide elkarteak, Sortzen Ikasbatuaz-ek, Topaguneak eta Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteko kideek D ereduan ikastearen abantailak erakusten dituen manifestua aurkeztu dute.

NAIZ.INFO|IRUÑEA|2013/01/28
20130128_d_eredua
D ereduan matrikulatzearen alde agerraldia egin dute hainbat eragilek, Iruñean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Euskarazko irakaskuntzan dabiltzaten hainbat eragilek agerraldia egin dute Iruñean, D ereduan ikastearen garrantzia nabarmentzeko, batez ere egungo krisi ekonomiko garaian, euskara menperatzeak «lan arloko ate guztiak irekitzen baititu».

Hala, Ikastolen Elkarteko, Nafarroako euskara teknikarien lanbide elkarteko, Sortzen Ikasbatuazeko, Topaguneko eta Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteko ordezkariek gogora ekarri dute «euskararen irakaskuntza beti aitzindari izan dela gurean».

«D ereduari esker, gure seme-alabak erraztasunez mugituko dira ingurune eleanitz batean adin goiztiarretik, euskara gurean hizkuntza bizia baita», nabarmendu dute.

D ereduak, gainera, «ikasleak bertako bi hizkuntzatan sozializatzen ditu» eta, horri esker, «emaitza hobeak lortzen dira», «ikaste prozesua naturalagoa delako eta umeek ingurune kulturala eta afektiboa ondo ezagutu ahal izaten dutelako».

Horretaz gain, ikasleak «mundura irekiak egonen dira» ikasiko dituzten kanpoko beste bi hizkuntzei esker: ingelera eta frantsesa edota alemaniera...

Kalitatea eta eraginkortasuna

Nabarmendu dutenez, euskarazko eredua kalitate eta esperientzia handiko da. Izan ere, azaldu dutenaren arabera, beste ereduekin alderatuz, «emaitzak hobeak» baitira bigarren hezkuntzan eta selektibitatean (%9 eta %3 gehiago, hurrenez hurren). Gainera, irakasleen %100 goiko hizkuntza titulua dauka (C1) eta derrigorrezko zikloa amaitzean, ikasleek 4 hizkuntza gutxienez ikasiko dituzte, B2-C1 maila gaztelanian, B2 maila euskaran eta B1 maila ingeleran lortuz.

Euskaraz ikastea garrantzitsua da, manifestuan jasotzen denez, «edozein hizkuntza ikastearekiko jarrera positiboa bultzatu behar delako».

«Zalantzarik gabe, gure seme-alabek eleaniztasuna modu arruntean eta positiboan bizi behar dute. Eta hori da gure apustua, erroak tokian sustraiturik eta adarrak mundu globalean zehar».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK