Seaskak manifestazioa egingo du larunbatean Hendaian, suprefetaren gutunari erantzuteko

Ipar Euskal Herriko ikastolen Elkarteak, Seaskak, manifestazioa deitu du datorren larunbaterako, Hendaian (17.00, tren geltokitik), Baionako suprefetak Udalari ikastola diruz laguntzea debekatuz igorritako gutuna arbuiatzeko.

NAIZ.INFO|BAIONA|2013/01/28|0 iruzkin
20130128_indo
Paxkal Indo, Seaskako presidentea, debekuari erantzuteko manifestazioa iragartzeko burututako agerraldian. (Gaizka IROZ)

Seaskako ordezkariek agerrladia egin dute, Baionako suprefetaren gutunari erantzuteko manifestazioa iragartzeko. Mobilizazioa larunbat honetan izango da, Hendaian, arratsaldeko bostetan, tren geltoki ingurutik.

Agerraldian izan dira, besteak beste, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria, Sandra Dachary Hendaiako ikastolako presidentea, Paxkal Indo Seaskako presidentea eta Battista Sallaverry, Hendaiako auzapeza.

Gutun horren bitartez, suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari ikastola diruz laguntzeko debekua ezarri dio, 1850. urteko Falloux legea argudio hartuta. Arau horren arabera, eskola pribatuei ezin zaie diru publikorik eman ezta eraikin publikorik utzi.

«Gerla deklarazio» honen aurrean, ikastolen aurka ez egiteko eskatu nahi diote suprefetari.

Gainera, nabarmendu dutenez, arazoa are larriagoa da, Seaskak dituen 30 zentroetatik 25 arriskuan egongo liratekeelako, era batean edo bestean jasotzen dutelako Udalen laguntza.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK