Larunbatean abiatuko da Lizarran Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Guztira 31 bertsolarik parte hartuko dute Nafarroako lehian, bederatzi saiotan banatuta. Lehenengoa larunbatean izango da, Lizarran, eta final nagusia, martxoaren 23an egingo da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

Naiz.info|Iruñea|2013/01/29
Arp_kul_87650265955
Iruñean azaldu dituzte Nafarroako Bertsolari Txapelketako xehetasunak. (Lander FDEZ. ARROYABE/ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Bertsolari Txapelketako 41. edizioa larunbatean abiatuko da Lizarran. Guztira 31 bertsolarik parte hartuko dute eta haietako seirentzat lehenengo aldia izango da. 9 saio izango ditu guztira txapelketak. Lizarrakoaz gain, Aldatz, Larraintzar, Ituren, Zubiri, Atarrabia, Etxarri Aranatz, Elizondo eta Iruñean egingo dira.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa urtero egiten zen 2011ra arte, baina orduztik, bi urtetik behin egitea erabaki zen. 2012an Bardoak taldekako bertso ekimenaren ondotik, aurtengoan berriro itzuli da Nafarroako Txapelketa.

Aurtengo finalak ere badu berritasunik. Azkena Iruñean egin zen, Labrit pilotalekuan, baina lekua txiki geratu zela iritzita, Bertsozale Elkarteak Anaitasunan egingo du azken emanaldia. Martxoaren 23an izango da, 17.00etan.

Txapelketako lehen lau sailkatuek udazkenean izango den Bertsolari Txapelketa Nagusirako txartela eskuratuko dute.

Nafarroako bertsolaritzaren izaera

Aurtengo Txapelketaren leloak Nafarroako bertsolaritzaren izaera jaso nahi izan duela azaldu dute gaur antolatzaileek. Txapelketa, lehiaz harago, oro har sare sozial gisa irudikatzen dute. Bertsolariek, gai-jartzaileek, epaileek, antolaketa lanetan laguntzen dutenek, bertso-eskoletako kideek, bertsozaleek eta beste askok osatzen dute sare hori. «Kultura ere horrela ulertzen dugu, giza harremanetan eta auzolanean oinarritzen den sare gisa», nabarmendu dute.

Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eu web gunean daude salgai.

LOTURAK