‘Bertsomovieda’ lehiaketaren bigarren edizioa abian da

Gutxienez zazpi segundoko bertsoren bat ageri den bideoen arteko lehiaketa da Beasaingo Arrano Kultur Elkarteak ‘Bertsomovieda’-rekin dakarren proposamena. Otsailaren 1etik martxoaren 13ra bitartean aurkeztu ahalko dira lanak.

NAIZ.INFO|BEASAIN|2013/01/30

Iazko arrakastarekin pozik, ‘Bertsomovieda’ lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du Beasaingo Arrano Kultur Elkarteak. Deialdia mundu osora zabaldu nahi dutela adierazi dute goizean Beasaingo Igartza jauregian antolatzaileek egin duten agerraldian. Aitor Sarriegi bertsolariak azaldu ditu lehiaketaren ingurukoak eta alboan izan ditu, babesleen izenean, Beasaingo Udaleko eta Orkli enpresako ordezkariak.

Deialdia zabala da eta bideoak balekoa izateko hiru osagai besterik ez ditu izan behar: bertsoa izatea (zazpi segundoko bat, gutxienez), bideoa izatea eta euskaraz egitea.

Lehen edizioaren aldean sariak areagotu egin dituzte. Helduen mailan 1.000 euroko saria izango du bideorik onenak, 250 eurokoa epaimahaiaren ustez bertsorik onenak dituenak eta 350 euroko beste aipamen sari bat ere izango da, epaimahaiak hala erabakitzen duen lanarentzat. DBHko 4. mailan edo hortik behera ikasten ari direnen artean sari berezia izango da, gainera, 400 eurokoa.

Ikusleen sari berezia ere izango da, 500 euro jasoko ditu bertsomovieda.com webgunean bozka gehien jasotzen dituen lanak.

Otsailaren 1etik martxoaren 13ra

Parte hartzeko aski da bideoak partekatzeko webguneren batean zintzilikatzea lana eta ondoren lehiaketaren orrian ‘Parte hartu’ atalean dagoen inprimakia betetzea. Otsailaren 1ean hasi eta martxoaren 13a arte jasoko dituzte antolatzaileek lanak. Bozkatzeko aukera martxoaren 18tik 24era izango da eta apirilaren 12an sari-banaketa. Taldean edo bakarka parte hartu ahal da.

LOTURAK