Iruñean ospatuko da aurtengo Aberri Eguna, martxoaren 31n

Independentistak sareak deituta Iruñean ospatuko da aurtengo Aberri Eguna, martxoaren 31n. Bertan, independentziaren aldeko aldarria «inoiz» baino indartsuago erakutsiko dela azaldu dute.

NAIZ.INFO|BILBO|2013/02/01
20130201_independentistak
Independentistak sareko kideak, Aberri Egunaren aurkezpenean. (ARGAZKI PRESS)

Independentistak sareak Bilbon eskaini duen prentsaurrekoan aurreratu duenez, Iruñean ospatuko da aurtengo Aberri Eguna, martxoaren 31n. Bertan, Txutxi Ariznabarretak hartu du hitza.

Haren arabera, «alderdi edo siglez gaindiko» egun bat izan behar du Aberri Egunak, horregatik, «Euskal Herriaren eguna» izan dadila eskatu du, «mundu zabalaren aurrean sendo agertuz».

Era berean, Aberri Egunak «irekia, anitza eta parte hartzailea» izan behar duela aldarrikatu du eta ahalik eta jende gehien biltzeko nahia agertu du, «estatuei independentziara bidean pausuak eskatzeko».

Arrazoi ekonomikoak aipatu ditu, batez ere, independentzia nahi izanaren arrazoi bezala. «Euskal Herria estatu espainiar eta frantziarraren mesedetara dago, eskuak loturik ditu, horrela ezin diogu irtenbiderik eman krisi ekonomiko honi».

Euskal Herriaren etorkizunaren inguruko «gogoeta sakon» bat egiteko garaia iritsi dela esan du Ariznabarretak eta Iruñeara bertaratzen diren alderdi politiko, sozial eta sindikalei hori planteatuko dietela azaldu du.

Horregatik, euskal gizarteari deia egin dio martxoaren 31n Iruñeara bertaratu dadin, «independentzia lortzeko nahia inoiz baino handiagoa dela ikus dezaten».

LOTURAK