Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko ekimenek jarraitzen dute

Larunbateko manifestazioaren ondotik, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko elkarretaratzea egin dute 400 bat lagunek Baionan. Aldi berean, Seaskako ordezkariak Pauen prefeturan izan dira, eta, adierazi dutenez, Hendaiako ikastolaren inguruan sortutako gatazka baretzeko borondatea agertu die prefetak.

NAIZ.INFO|BAIONA|2013/02/04|0 iruzkin
20130204_seaska
Baionako suprefeturan, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko elkarretaratzea. (Gaizka IROZ)

Iragan larunbatean Hendaian eginiko manifestazioari segida emanez, Ipar Euskal Herriko ikastolei babesa emateko Baionako suprefeturaren atarian elkarretaratzea egin dute, Kazeta.info webguneak berri eman duenez.

400 lagun bildu dira Seaskak deitutako elkarretaratzean. Haien artean, Baionako ikastoletako ikasleak, Hendaiako ikastolako eta Herriko Etxeko ordezkariak –Battitta Salaverry auzapeza barne– eta hainbat hautetsi izan dira.

Seaskako ordezaritza bat Paueko prefeturan izan da. Bileraren ostean, Paxkal Indo, Seaskako lehendakariak azaldu duenez, Hendaiako ikastola berriaren inguruan sortutako gatazka baretzearen aldeko hitzak izan ditu prefetak. Izan ere, bere lana legea betetzea dela gaineratu du estatu ordezkariak.

Iragan larunbatean, 3000 lagun hurbildu ziren Hendaiara Baionako suprefetak Herriko Etxeari ikastola berria sortzeko laguntzarik ezin duela eman esanez luzatutako mehatxuari erantzuteko. Ikastoletako guraso eta haurrekin batera eragile politiko anitz izan ziren. UMP, MoDem, PS, Berdeak eta, bistan da, alderdi abertzaleen ordezkari ugari bertaratu ziren.

Euskarak mugarik ez duela berriz ere agerian uzteko Hendaian izan ziren, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramalea, talde bereko legebiltzarkide eta EAko idazkari nagusi den Pello Urizar, alderdi bereko Juanjo Agirrezabala legebiltzarkidea, Xabier Mikel Errekondo Amaiur taldeko diputatua Madrilen eta Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kidea eta legebiltzarkidea Gasteizen.

Astelehen eguerdian, suprefeturaren atzinean elkarretaratzea egin dute Baionan. 400 lagun bildu dira protesta berri honetan. Haien artean, Baionako lizeoko ikasleak, Hendaiako ikastolako eta Herriko Etxeko ordezkariak, eta hainbat hautetsi.

LOTURAK