Tolosako musikariek egin dute Kilometroak 2013ko abestia

2013ko Kilometroak jaialdiaren izen bera duen abestia aurkeztu dute Tolosan. ‘Ahora’ herriko musikariekin eginiko lanaren emaitza da eta inauterien harira argitaratu dute, kalean eta tabernan kanta entzun dadin.

NAIZ.INFO|DONOSTIA|2013/02/05
20130205_kilometroak
Kilometroak 2013ko ‘Ahora’ abestiaren aurkezpen argazkia. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Urriaren 6an Kilometroak 2013 jaialdia Tolosara iristeko egutegiari hainbat orrialde erori behar zaizkion arren, antolatzaileak badoaz apurka-apurka festa handiaren xehetasunak argitara ateratzen.

Gaurkoan jaialdiaren abestia aurkeztu dute prentsaurrean. Inauterien harira zabaldu dute abestia, herriko jaietan, kalean zein tabernetan, herritarrak dantzan jartzeko asmoarekin.

Jaialdiari berari izena ematen dion leloa du izenburu abestiak, ‘Ahora!’. Antolatzaileen arabera, «leloa bezala, berritzailea eta deigarria izatea nahi genuen eta uste dugu asmatu dugula».

Herriko musikariekin egin dute lana, hala, Mikel Zelaia eta Jokin Albisuak egin dute musika eta, letra, aldiz, Juantxo Arakamak. Urtarrilean Bonberenea estudioetan erregistratutako abestian lagun ugarik parte hartzen dute: Juantxo Arakama, Laskabesbatza, Alos Quartet, Imanol Ubeda, Natalia Humus, Jone Otxoa, Aritz Mendieta eta Pirritx eta Porrotxek beren ahotsak jarri dituzte; Jokin Albisuak gitarra jotzen du eta, horrez gain, Bonberenea txarangak ere lagundu du.

Udaberrian kaleratuko dute bideoklipa, Tolosako Laskorain ikastolak aurreratu duenez.

Bestalde, Kilometroak jaialdia hobetzeko sistema baten berri eman dute, zehaztasunetan sartu ez badira ere. Pertsona helduen parte hartzea susperti nahi dute, baita gaztetxoen parte hartze ohiturak aldatu ere.

LOTURAK