Sakonean
Angulemako jaialdia

Sasoi betean ospatu du berrogeigarren urtemuga Angulemako «Festival international de la bande dessinée» ospetsuak. Uderzo marrazkilaria izan da, Asterix eta Obelix hilezkorren aita, komikizaleen «Meca»-ko izarra aurten eta, harekin batera, «bederatzigarren arte» izenekoaren urteko ekoizpen onenak bildu ziren jendez lepo egon den jaialdian. Anguleman, komikiak adin guztietako kontsumitzaileei eskainitako produktu kulturalak dira.

Gotzon ARANBURU|ANGULEMA|2013/02/05
Angulema
Komikietako pertsonaia nagusiak Angulemako aretoan ibili ziren. (Gotzon ARANBURU)

Joan den ostegunetik igandera ezinezkoa izan da Anguleman lo egiteko tokia aurkitzea, eta autoa aparkatzea, oso zaila. Milaka eta milaka komikizalek hartu dute hiria; karpa erraldoiak, museoak, tabernak, jatetxeak, hotelak..., baita elizak ere, bete dituzte «erromes» hauek. «Bederatzigarren artea» deritzonaren munduko ekoizpen onenetakoak, onenak ez badira, hemen egon dira ikusgai. Europa osoko, Asiako, Afrikako eta Ameriketako Estatu Batuetako sortzaileen biltoki izan da Angulema, eta artista hauen jarraitzaileek ez diete huts egin maisuei. Edozein delarik ere gure jomuga, ilaran itxaron beharko dugu sartzeko. Batetik, jendetza dagoelako Les Halles, Hotel de Ville, Espace Franquin, Vaisseau Moebius... eta hirian barreiatutako beste hainbat aretotan sartzeko gogoz, eta bestetik «Operation Vigipirate» delakoa martxan dagoelako. Motxilak eta poltsak zabalduta prest edukitzeko eskatzen dute segurtasuneko agenteek, sarrerako atarian ahalik eta azkarren bota diezaieten begirada bat. Eskumuturrean itsatsitako pultsera modukoa ere erakutsi behar da, 33 euro balio duen sarrera ordaindu dugula adierazteko. Dohainik ikus daitezkeen erakusketak ere badaude, esaterako katedralean paratu dutena.

Trabak traba, behin aretora sartutakoan... komikizalearentzat zerua. Gai eta estilo guztietako milaka komiki azaltzen dira begien aurrean, eta dozenaka autore lanean, bai margotzen eta bai liburuak sinatzen. Jakina, frantsesak dira gehienak. Hemen bande dessinéea (komikia) ez da umeen kontua, adin guztietako kontsumitzaileei eskainitako produktu kulturala baizik. Egia esan, komiki batzuen azala ikusi besterik ez dago helduei zuzendutakoak direla jabetzeko, gizonezkoei zehazkiago. Baina denetarik dago: komiki politikoa, fantasiazkoa, polizia girokoa, historikoa, gore-a, manga... Gaur egungo komikiaren joera zein den jakiteko erakusleiho ezin hobea.

Euskal Herriko autoreek ez dute presentzia handirik izan aurten Anguleman. Astiberri argitaletxea egon da, baina «Marché des droits» izeneko eremuan, alegia, profesionalek negozioak egiteko prestatutako aretoa berezian. Izenak dioen bezala, hor saltzen eta erosten dira komikien argitaratze eskubideak.

Les Halles erakustokiko stand baten aurrean Dani Fanorekin egin dugu topo, ikastolen ‘Xabiroi’ aldizkariaren koordinatzailearekin. «Beti bezala, hau kristorena da», diosku. «Aurten kazetariarenak egiten ari gara Igor Leturia eta biok. Gustura egoteko moduan gaude, oraintxe Rosinski elkarrizketatu dugu-eta», dio irribarre zabal batez. Euskal komigintzaren egoeraz galdetuta, ez du ordea alaitasun handirik erakutsi: «Zainketa berezien gelan gaudela esango nuke, gazura tantaka hartzen».

Albert Uderzo handia izan da edizio honetako izarra. Mendeerdi baino gehiago eman du Asterix eta Obelix marrazten, eta duela gutxi eginkizun hori utzi duen arren, oraindik ere sasoian dagoela esan digu Anguleman, eta berehala ikusiko duela argia bere album berriak. Orain arteko lan eskerga Vaisseau Moebius aretoan jarri du ikusgai, ‘In extenso’ erakusketan. Uderzorekin batera, beste bi protagonista nagusiak Walt Disneyren Mickey eta Donald pertsonaia mitikoak izan dira. Merezita, ez baitituzte alferrik bete 84 eta 78 urte, hurrenez hurren. Horientzat ere erakusketa itzela, udaletxean.

Korea, gonbidatu berezia

Gonbidatu berezia Korea izan da. Duela hamar urte hementxe ikusi ahal izan ziren, Europan, aurreneko aldiz, Koreako komikiak, manhwak. Oraingoan hamar autore etorri dira Asiako naziotik, han egiten ari diren puntako lanak erakustera, baita egunetik egunera indarra hartzen ari den «weebton» fenomenoa azaltzera ere.

Bitxikeria moduan, eliteko kirola eta komikia uztartzen dituen lan batek piztu du ikusle askoren arreta, «Eto'o fils» izenekoak hain zuzen. «Inoiz izan den futbolari handienetako baten benetako historia» kontatzen omen du. Ez dugu izan egiaztatzeko astirik; Uderzo iritsi da eta ilaran jarri beharra daukagu, ez baitugu mitoaren autografoa jaso gabe etxera itzuli nahi.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK